Hilabete barru hasiko da Hariak erresistentzia istorioen zinemaldiaren laugarren edizioa. Azaroaren 6tik 16ra, Kulturarteko Plaza Feministan izango dira dokumentalen emanaldiak eta haien inguruko solasaldiak.
Hernaniko Udaleko Lankidetza arloak antolatuta, zinemaldiaren helburua da «munduko egoerak ezagutarazi eta gugan duten eraginaz hausnartzea, baina baita guk ere egoera horietan dugun eraginaz kontzientzia hartzea», Itsaso Lekuona Lankidetza zinegotziak azaldu duenez.
Hariak zinemaldia ari da bere tokia egiten, eta dagoeneko askorentzat «galdu ezineko zita da», antolatzaileek nabarmendu dutenez. Aurreko urteetan bezain erantzun ona espero dutela ere gaineratu du Lekuonak, eta gonbitea luzatu du: «Jende berria ere gerturatzea nahi genuke».
Hiru gai nagusiren arteko hariak, zinemaldiaren ardatz
Hiru gai nagusiren inguruan ardaztuko dira aurtengo Hariakeko dokumentalak eta ondorengo solasaldiak: trantsizio ekologikoa, gerrak eta migrazioa. «Horien artean dauden hariak ikusarazi nahi ditugu», adierazi du Lekuonak. Horretarako, gainera, punta-puntako gonbidatuak izango direla aurreratu dute.
Su Hernandezek, zinemaldiko koordinatzaileak, gaineratu du «bestelako gaiek» ere izango dutela lekua zinemaldian. Horien artean aipatu ditu aniztasun funtzionala eta emakumeen kontrako indarkeria.
«Palestinaz hizketan jarraituko dugu, baina ez da salatuko dugun genozidio bakarra», azaldu du Hernandezek: «Kongon gertatzen ari den genozidioaz ere arituko gara, eta horretarako Nicole Ndogala ekintzailea etorriko da».
Gainera, Sol Band musika talde palestinarrak parte hartuko du Hariaken aurtengo itxiera ekitaldian.
Lehenengoz, pertsona gorrentzat egokitutako dokumental bat jarriko dute
Ohi bezala, ostegunetik igandera izango dira emanaldiak; eta asteburuetan, zehazki, goizez eta arratsaldez. Guztira 12 dokumental emango dituzte, hiru labur eta bederatzi luze; eta doakoak izango dira saio guztiak.
Aurten, gainera, lehenengo aldiz eskainiko dute pertsona gorrentzat egokitutako dokumental bat, zeinu hizkuntzan. Beste nobedadea da helduentzako animaziozko film-dokumental bat ere jarriko dutela. Informazio guztia eskuragarri dago hariak.hernani.eus atarian.