Duela 9 urte Kronikan

«Euskal kulturaren adierazlea ere bada euskeraz garatutako pentsamendu feminista»

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 7a, 09:18

Euskal Kultura eta feminismoa uztartzen dituen ikastaroa emango du datozen asteetan Iratxe Retolaza Gutierrezek, Jabetze Eskolen barruan. Oraindik bada izena emateko aukera. 

Hemen duzue irakurgai, 2016ko albistea. 

‘BEGIRADAK zorroztu: euskal kultura eta begirada feministak’ izena duen ikastaroa
emango duzu Hernanin datozen asteetan. Begiradak zorroztu, zetarako?
Ikastaro honek begirada bi norabidetan zorroztea du helburu. Batetik, euskal kulturako hainbat adierazle ezagutzea du helburu, eta baita horiek tradizio historiko-kultural batean kokatzea ere. Zentzu horretan, ikastaroak bidea emango du euskal kulturako zenbait ekarpen modu xeheagoan interpretatzeko (eta batik bat horien inguruko interpretazio kolektiboa egiteko). Bestetik, begirada jakin bat landuko dugu, euskal kulturako adierazle horietara hurbiltzen lagunduko diguna: begirada feminista. Azken batean, adierazle kultural horietan genero diskurtsoek zer eragin duten aztertzea da helburu, ez baitu eragin bera kultur adierazle bakoitzean.

Euskal kultura eta feminismoa uztartukodituzue ikastaroan. Feminismoak izan al du presentzia euskal kulturan?

Oso galdera zabala da, besteak beste, feminismoaz aritzean zertaz ari garen zehaztu beharko genukeelako: batetik, ezaguna da feminismoak euskal kulturan presentzia izan duela, baina, are gehiago, euskaraz garaturiko pentsamendu feminista ere euskal kulturaren adierazle bat da, zalantzarik gabe. Bestetik, ugariak dira historian zehar genero-rolak auzitan jarri dituzten kultur adierazpideak, baita euskal kulturan ere; eta azkenik, euskal kulturara hurbiltzeko zehar-lerro bat izan daiteke feminismoa, ikusgarri egiteko geure kultur jardueretan nolako generorolak dauden, zer genero-arau birsortzen diren edo zer generoarau jartzen diren auzitan.

Tailer formatuko ikastaroa izango da: euskal kulturako hainbat ekoizpen eta sorkuntza landuko dituzue: ikus entzunekoak, testu literarioak, kazetari lanak... nola egin duzu aukeraketa hori?
Aukeraketa ez dut nik egingo, taldekideen artean erabakiko dugu, haien interesen arabera. Nik proposamenak eramango ditut, baina, taldekideek izango dute azken hitza. Nire proposamenak eramaterakoan honako hauek izango dira irizpide nagusiak: historian ahaztu izan diren emakume sortzaileen ekarpenak gogora ekartzea (adibidez, emakume komikigileen ekarpenak –Ainara Azpiazu Axpi, Amaia Ballesteros, Irene Borda, eta abar-), edo generorol berriak eraiki dituzten sormen-lanak komentatzea (adibidez, 80 egunean filma), edo musika-talde baten generoirudikatzeak aztertzea, bai eszenaratzean, bai musikaletretan (adibidez, Gose musika-taldea).

Horiek aztertu eta interpretatzeko baliabideak erakutsiko dituzu ikastaroan.
Ikastaroak tailer formatua izango du, eta azken batean, solasaldi baten itxura hartuko du. Bideo bat, kantu bat edo testu bat ikusi edo irakurriko dugu, eta ikusi edo irakurritakoaren inguruko interpretazioa egingo dugu guztion artean. Interpretazio hori egin ahal izateko, nik neuk informazioa edo ibilbide historikoaren inguruko xehetasun batzuk eramango ditut, interpretazioa egiteko gako gehiago izateko.

Azkenik, begirada feministara gerturatzeko pausuak nola eman erakutsiko duzue. Nola ematen dira pausu horiek?
Kontuan hartu behar da adierazle kultural bakoitzak begirada feminista zehatz bat eskatzen duela, neurri batean behintzat. Izan ere, kultur esparru guztietan ez dira genero-rolak modu berean eraikitzen, eta ezin gara begirada edo diskurtso berarekin hurbildu bertsolaritzaren, kirolaren edo ilustrazioaren esparrura. Esparru bakoitzak bere logika kultural propioak ditu, eta logika kultural horietariko bakoitzean genero-rol eta genero-diskurtso jakin batzuk eraiki dira.


Begirada feminista lantzean esparruen arteko aldeak ere kontuan hartuko ditugu.
Nola animatuko zenituzke herritarrak parte hartzera?
Ikastaro honek orohar euskal kulturan hain ezagun ez diren sormen-lan batzuk ezagutzeko
aukera emango digu, eta baita kultur esparruen arteko aldeez gogoeta egiteko aukera ere, hainbat galderaren inguruko gogoeta sustatuko baitugu (esate baterako, euskal kulturan hainbeste emakume ilustratzaile on izanda, zergatik hain komikigile gutxi? Euskal
dantza tradizionalaren eta garaikidearen arteko fusioek, nola eragin dute generoirudikapenean? Eta abar). Gainera, irakurraldi edo ikustaldi kolektiboei esker, aukera izango dugu sormenlanen inguruko geure inpresioak partekatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!