Hernanik bikain hasi du aurtengo Euskal Liga, etxean. Herenegun jokatu zuten denboraldiko aurreneko partidua kiroldegian, eta mutil hernaniarrak erraz nagusitu ziren Universidad de la Rioja talde errioxarraren kontra, 3-0 (25-17, 25, 19 eta 27-25). Lehenengo eta bigarren setetan, hernaniarrek eraman zuten jokoaren ekimena, eta aurretik izan ziren markagailuan, hasieratik amaierara. Galtzak bete lan izan zituzten set bakarra hirugarrena izan zen. Horretan bai, errioxarrek estu hartu zituzten etxekoak, baina hala ere partidua hiru jokotan amaitzea lortu zuten hernaniarrek.
Emaitza horrekin, Hernani lider jarri da lehenengo jardunaldiaren ondoren, hiru punturekin. Bera Berak eta Navarvolei A taldeek ere irabazi egin zuten, baina 3-1eko emaitzekin, Aidean eta Navarvolei B-ren aurka. Zazpi taldek osatzen dute multzoa, eta bigarren jardunaldia Arizmendiren aurka izango du Hernanik, Aretxabaletako Ibarra kiroldegian. Bigarren multzoa ere beste zazpi taldek osatzen dute. lehenengo hiru postuetan sailkatzea da taldeen helburua, baina aurreneko postuak finalerdietarako pasea zuzena lortzea dakar.