Palestinaren aldeko manifestazioa izango da ostiralean, Plaza Berritik

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 7a, 00:00

EHko Mugimendu Feministaren deiari jarraiki, 20:00etan hasiko da, 'Feministok Palestinarekin, Israelgo estatu genozida suntsitu!' lelopean.

Feministok Palestinarekin, Isra­elgo estatu genozida suntsitu! lelopean, asteburu honetan mobilizatzeko deia egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Hernanin bat egin dute deialdiarekin, eta manifestazioa egingo dute ostiralean: Plaza Berritik abiatuko dira, iluntzeko 20:00etan. 

Euskal Herriko Mugimendu Feministak azpimarratu du «kausa palestinarrak zabaldutako herritarren mobilizazioaren garrantzia», eta hainbat eragile politiko, sindikal, sozial eta akademiko helburu berarekin egiten ari diren lana.

Hitzaldia gaur, KPFn

Bestetik, gaur bertan, hitzaldia eskainiko du Abeer M. Al Butmeh ingurugiro ingeniariak eta PENGON-Foe Palestine ingurugiroaren defentsarako sareko koordinatzaileak. 18:30etan izango da, Kulturarteko Plaza Feministan. Emakume palestinarrak: bizitzaren aldeko ahotsa izenburupean, Palestinako emakumeen «lana eta erresilientzia estrategiak» aletuko ditu. Ingelesez eskainiko du, eta itzulpen zerbitzua izango da gaztelerara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!