Valentzian 17-19ko nagusituta, Hernanik hirutik hiru garaipen lortu ditu denboraldia hasi berritan, Ohorezko Elite Mailan. Valencia RC taldea gainditu zuen, nahiz eta haiek azkeneko jokaldian izan zuten aukera partidua berdintzeko. Entsaioa lortu arren, konbertsioa zaila zen etxekoentzat, eta baloia zutabeen artean sartu ez zela ikusita, hernaniarrek eskuak altxatu zituzten, garaipenaren seinale.
Oraingoan ere, hernaniarrek ez zuten erasoko bonusik lortu, eta beraz, lau puntu pilatu zituzten sailkapenerako. Bigarren postuan daude oraindik, 12 punturekin; aurretik Gernika talde bizkaitarra bakarrik daukate, 14 punturekin.
Atzetik, Universidad Las Rozas madrildarra dago hirugarren 11 punturekin, bi garaipen eta porrot bat pilatu arren, partidu guztietan eskuratu baitu bonusen bat.
Valentziako partidua oso estua izan zen, baina hernaniarrak, berriz ere, nagusi izan ziren jokoan. Arizetak estreinatu zuen markagailua 21garren minutuan (0-3), zigor kolpez. Etxekoek buelta eman zioten markagailuari, entsaio baten bitartez, 25garren minutuan (7-3). Eta atsedenaldira iristear zirela, Elosegik lortu zuen Hernaniren partiduko entsaio bakarra. Arizetak konbertsioa gauzatu ondoren, 7-10 joan ziren bi taldeak aldageletara.
Atsedenetik bueltan, Arizetak abantaila haunditu zuen, zigor kolpe batekin (7-13). Gerturatu ziren valentziarrak, bigarren entsaioarekin (12-13); baina erantzuna bi zigor kolperekin iritsi zen, 56 eta 77garren minutuetan (12-19). Azkeneko jokaldian defentsan gogor aritu zen Hernani, eta entsaioa saihesterik ez lortu arren, kontrarioa alboratu zuten, konbertsioa zailduz, garaipena Hernanira ekartzeko.
FITXA Valencia RC: Barrionuevo, Aviño, Van Staden; Penigaud, González; Salomo, Kinross, Vila; Vallet, Quiroga, Cabale, Herrero, Ozu, Arago eta Mesigos. Aulkitik: Tarter, Villuendas, Navarro, Bueno, Lammertyn, Vidal, Ricos eta De Orbaneja. Hernani: Goikoetxea, Unzue, Arrillaga; Ibabe, Iradi; Diez de Mendibil, Eizmendi, Lukas; Miner, Arrozpide, González, Arizeta, Burugain, Olea eta Elosegi. Aulkitik: Infante, Zapiain, Etxarri, Larrarte, Balenciaga, Lazzarotto, Olivenza eta Garmendia. Markagailua: 21. min: Zigor kolpea, Arizeta (0-3). 25. min: Entsaioa, Cabale; gauzatzea, Mesigos (7-3). 40. min: Entsaioa, Elosegi; gauzatzea, Arizeta (7-10). 45. min: Zigor kolpea, Arizeta (7-13). 48. min: Entsaioa, Vallet (12-13). 56. min: Zigor kolpea, Arizeta (12-16). Min. 77: Zigor kolpea, Arizeta (12-19). Min. 80: Entsaioa, De Orbaneja (17-19). |