Hilabeteko lehenengo asteartea izanik, odola emateko aukera izango da bihar arratsaldean Hernaniko Anbulategian. Estrakzioak arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara egingo dituzte.
Odola eman ahal izateko beharrezkoa da hitzordua aurretik eskatzea, erizainen lana errazagoa izateko. Horretarako, bi modutara egin daiteke eskaera: 943 00 78 85 telefono zenbakira deituta edota gotanta.eus webgunearen bidez online hitzordua eskatuta.
Hernaniko Odol Emaileen taldetik herritar guztiei egin diete bertaratzeko deia, behar haundia dagoela jakinarazita.
Deialdiarekin batera, iraileko estrakzioen balorazioa ere egin dute Odol Emaileen taldeko kideek. Guztira, 54 pertsonari atera zieten odola, eta biharkoan zifra horretara iristeko desioa adierazi dute: «Benetan oso oso datu ona dela guretzat. Ea urrian errepikatu dezakegun!».