Hernaniko tabernarien bakailao pintxo onenak dastatzeko aukera izango da gaurtik aurrera

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 6a, 00:00

Gaur hasiko da Bakailao Astearen 13. edizioa, eta urriaren 17ra arte izango da pintxoak dastatzeko tartea.

 

Iritsi da hernaniar askok hainbeste maite duten garaia: bakailao astea. Gaurtik aurrera bakailaoarekin egindako pintxoak dastatzeko aukera izango da herriko 25 tabernatan. Urriaren 17ra arte izango da pintxoak dastatzeko aukera, eta denbora tarte horretan herritar bakoitzak bere epaia egin ahalko du. Pintxoak 2,5 eurora salduko dituzte aurtengo edizioan.

Egitarauari dagokionez, jarduera berri batzuk txertatu dituzte 13. ediziorako. Ostegun honetan sagardo dastatze gidatua izango da, Mikel Garaizabal enologo eta sommelierraren eskutik. Sarrerak salgai daude sagardoa.eus webgunean, 10 euroan. 

Ostiralean, berriz, 'Hartu Kalea!' egitasmoak jarraipena izango du, eta oinezkoentzat izango da Kaxkoa. Arratsaldeko 19:00etan Rockalean emanaldia hasiko da. 

Pil pil, sarien sinonimo

Aste honetan zehar herriko kaleetan barrena ibiliko da Pil pil maskota. 3 komertziotan topatzen dutenek saria jasoko dute, eta berekin argazkia atera eta 676 194 803 zenbakira bidaltzen dutenek, zozketa batean hartuko dute parte.

GAUR
Bakailao astearen hasiera. Pil-pil 3 komertziotan topatzen duenak, saria jasoko du.

URRIAK 7, 9, 14 eta 16
Pil pil kalean. Maskota topatu eta bidali argazki bat zozketan parte hartzeko.

URRIAK 9
19:00 Dastatze gidatua Mikel Garaizabal enologoarekin.

URRIAK 10
10:00 Hartu kalea!
19:00 Rockalean.

URRIAK 17
18:30 Pintxo lehiaketako sari banaketa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!