'Hamar, bederatzi, zortzi, zazpi...' hunkigarriak izan ziren Xabier Salillasek Aurrera Markelekin elkartearen alde osatutako erronka solidarioaren azken segunduak. Atzera kontua osatu zuten ingurukoek, eta besarkada estu batekin gelditu zituzten korrika egiteko makinak. Gertukoen babesean osatu zuen 24 orduko saioa ultrafondista hernaniarrak, SpiderAbel lagunarekin, Hernaniko Arraun Elkarteko arraunlariekin eta Denontzat gimnasioko kideekin.
Ostiralean hasi zen arraunean Salillas. 12 ordu egin behar zituen ergometroan, eta larunbateko goizaldeko 06:00etan egin zuen kirol aldaketa. Ordutik aurrera zintaren gainean ibili zen, larunbateko 18:00ak iritsi arte.
Tarte horretan, ordea, festa giro itzela izan zen Atsegindegin. Larunbat eguerdian elkartu zen jende gehien, Hernaniren eta Urnietaren arteko herri kirol lehia ikusteko.
Portuko errifako saria, dohaintzan
Portuko Auzo Elkarteak jakinarazi du festetako errifako sariduna atera ez denez, Markeli laguntzera bideratuko dituztela 300 euroak.