Astearteko Udal Plenoan onartu zen Hernaniko Udalaren eta Ekotrade enpresaren arteko hitzarmena. EAJk aldeko botoa eman zuen bozketan, eta ohar baten bidez jakinarazi ditu udal taldearen argudioak: «Uste dugu ekimen estrategiko eta beharrezkoa dela, bai Hernanirentzat, bai Gipuzkoarentzat eta baita Euskadirentzat ere».
Plenoko hitzartzean Mikel Gurutzeaga bozeramaileak nabarmendu zuen, kokalekuarekin ados egon ez arren, proiektuari hobekuntzak txertatzeari eman diotela lehentasuna, «berdin berdin egingo zelako».
EAJtik azaldu dutenez, sei neurri zuzentzaile txertatu dituzte azken hitzarmenean: Jauregiko eremua ez dadila industriagune gisa birkalifikatu; bide berria egitea kamioien joan-etorrietarako; filtrazio eta presurizazio sistema aurreratuak jartzea isurketak ekiditeko; paisaiaren integrazioa eta inpaktu bisual zein akustikoa murriztea; Kanpozabaleko lurrak han bertan birgaitzea; eta sortuko diren lanpostuen %60 Hernanin bizi direnentzat izatea.
EH Bilduren «komunikazio eskasa» nabarmendu dute
Oharrean bertan EH Bildu kritikatu du EAJk, Jauregiko plantaren gaiarekin izandako kudeaketagatik: «Deigarria iruditzen zaigu horrelako garrantzia duen proiektu hau EH Bilduk bere Hernani Burujabe “ekimen nagusira” ez eramatea. Oso komunikazio eskasa izan du Jauregiko bizilagunekin. Badirudi Hernani Burujabe tresna baliagarria dela EH Bilduri interesatzen zaionean. Beste behin ere, agerian geratu da Hernani Burujabe marketin politikorako erabiltzen dela, eta ez herritarren parte-hartzerako benetako jarduera gisa».