Etxeko zaintza zerbitzuaren kalitatea hobetzeko zenbait erabaki, Udalak

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 5a, 00:00

Erregelamendu berria eta zerbitzuaren lizitazio berria onartu zituen astearteko Udal Plenoan.

 

Astearteko plenoan Hernaniko Udalak etxeko zaintza zerbitzuaren «kalitatea hobetzeko urrats garrantzitsua» eman zuen. Erregelamendu berria eta zerbitzuaren lizitazio berria onartu zituzten, besteak beste. Osoko bilkuran, alkateak azpimarratu zuen lizitazio berria apustu haundia zela, hala ere, «zaintza publiko-komunitarioan sinesten dugunez, aurrerapausoak ematea dagokigu. Uste dugu hau dela jarraitu beharreko bidea, udal bakoitzaren aukeren arabera. Eta Hernanin, urratsak emateko aukera badugula ikusi dugu». 

Lertxundik ohartarazi zuen, etxeko zaintza zerbitzuko hobekuntza, bertan lanean ari diren emakumeek sumatuko dutela, «soldata hobekuntzaz gain, formakuntza orduak, lan orduen murrizketa edota baimen eta lizentzia berriak edukitzea ahalbidetuko baitugu. Zaintzaileen lan eta bizi-baldintzak hobetzeak zainduaren bizi-kalitatea hobetzen duela badakigu».

Zerbitzu honetan urrats berria ematearen helburua etxeko zaintza zerbitzuko langileen lan baldintzak euren kategoriako udal langileen baldintzetara gerturatzea dela azaldu du Hernaniko alkateak. Horretarako, «lau urtean orain arte baino ia milioi bat euro gehiago bideratuko ditugu». 2026an, 300.000 euroko igoera izango du zerbitzuaren partidak, hau da, guztira 1.793.643,48 euro.

Amaitzeko, Lertxundik azpimarratu zuen Hernani herri zaintzailea izatea nahi dutela, hain zuzen ere, zainketak ikuspegi feminista eta komunitariotik bideratuko dituena. Horretarako, «zaintzaren balio sozial, ekonomiko eta politikoa aldarrikatzen dugu, eta erakunde publiko gisa horretan dugun erantzukizunak garamatza eman dugun urratsa ematen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!