Pintxorik onenak prest dira Bakailu Asterako

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 4a, 00:00

Pil-pil, epaimahaikideak eta antolatzaileen ordezkariak, Plaza Berrin egin zuten aurkezpen ekitaldian.

Herritarrek, astelehenetik urriaren 17ra izango dute pintxo-proposamenak dastatzeko aukera. Epaimahai profesionalak guztiak probatu eta bere epaia eman du, baina gordeta daukate erabakia. 

Ostegunean aurkeztu zuten 13. Bakailu Astea, modu berezian, Plaza Berrin. Pintxorik onenaren lehiaketan parte hartuko duten 25 pintxoak jarri zituzten erakusgai, eta guztiak probatu zituen Aritz Ansolak (Sansonategi jatetxea), Miren Lukasek (Oa gozotegia), Ane Zeberiok (Arriatzu baserria) eta Aitzol Zugastik (AZ gastronomia) osatutako epaimahai profesionalak, baita bere epaia eman ere. Dena den, irabazlea ez dute jakinaraziko urriaren 17ra arte. Herritarren txanda hasiko da astelehenean.

Urriaren 6tik 17ra izango dute aukera tabernek eta jatetxeek egin dituzten pintxo-proposamenak dastatzeko, bakailua ardatz hartuta. Egun horietan, gustukoenak bozkatzeko aukera izango dute hernaniarrek, publikoaren saria ere banatuko baita.

Aurkezpen ekitaldian hartu zuten parte Xabier Lertxundi alkateak, Patxi Ibarguren Tokiko Garapeneko zinegotziak, Gonzalo Saez Ondarroa Berriak elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak, eta Amaia Zubeldia Euskal Sagardoa eta Sagardoa Routen ordezkariak. Epaimahai profesionaleko kideak ere hantxe izan ziren.

 

25 taberna eta jatetxek parte hartuko dute aurten

25 taberna eta jatetxek hartuko dute parte aurtengo Bakailu Astean: Aieko kafetegia, Andrekale 21, Apeadero taberna, Aralar taberna, Atxur taberna, Cafe Arri, Deportibo, Dori Berri, Errioguarda-enea jatetxea, Garin taberna, Goiz Eguzki, Gunea, Guria, Harresi, Joxemari taberna, Karrero, Kixkal, Latxunbe, Rioja, Tamer, Tripontzi, Txilibita, Txoko, Zinkoenea eta Zumardi. Epaimaiaharen izenean, Ane Zeberiok azpimarratu zuen «aurkeztutako pintxoen originaltasuna».

Pintxo bakoitzaren prezioa 2,5 eurokoa izango da. Herritarrek tabernetan eskuratu ahal izango duten liburuxka, xehetasunekin, astelehenetik aurrera. Urriaren 17an jakinaraziko dute zein diren aurtengo edizioko pintxo irabazleak, bai epaimahaiaren arabera eta herritarren gustukoena. Egun horretan, txarangak kalea animatuko du.

 

Sagardo eta pintxo dastaketa gidatua, nobedadea

Aurten, ekimen berezi bat ere izango da Bakailu Astean. Izan ere, bakailua eta sagardoa uztartuko dituen dastaketa gidatua antolatu dute Udalak, Berriakek eta Euskal Sagardoak.

Mikel Garaizabel enologo eta sommelierrak gidatuko du saioa, hilaren 9an Tilosetan (euria eginez gero, Atsegindegin). Sagardoarekin batera, dastatuko dituzte Bakailu Asteko lau pintxo. Dastaketa gidaturako sarrerak sagardoa.eus atarian daude salgai, 10 euroan.

Horrez gain, Non dago Pil-Pil? lehiaketa izango da aurten ere herriko establezimenduetan. Hilaren 10ean, ostirala, Hartu kalea! ekimenarekin bat egingo du Bakailu Asteak. Goizeko 10:00etatik aurrera, itxita egongo da Kaxkoa trafikoarentzako, eta Rockalean izango da. Ordutegia zehazteke dago, mugimendu feministak Palestinaren alde deitutako mobilizazioaren arabera.

Bestalde, urriaren 15ean, sindikatuek Palestinaren alde deitutako lan-uzteak direla eta, ordu horietan online bozkatzeko aukera desaktibatu egingo da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!