Asteartean onartu zuten Hernaniko Udalaren eta Ekotraderen arteko hitzarmena. Zein da zuen lehenengo balorazioa?
Espero genuen emaitza da. Aurreko asteko ostegunean Tokiko Garapen Batzordean egon ginen, eta bertan jakin genuen gainontzeko alderdien iritzia. Emaitzak ez gaitu harritu, baina ez gaude ados. Harriduraz hartzen dugu Udalak gai hau termino hauetan eztabaidatu nahi izatea. Ondo dakite bizilagunak kontra gaudela, baina ez zaie inporta. Astearteko plenotik zerbait kritikatu behar badugu, Xabier Lertxundi alkatearen hipokresia da. Harro gaude herritarrek emandako erantzunarekin.
Hernaniko Udaletik eta Ekotradetik nabarmendu dute hitzarmenean txertatu dituztela zuen kezkak.
Gure ekarpenak txertatu dituzte, baina egia-erdi modura saldu dute hori ere. Guk hasieratik esan dugu ez dugula planta bertan jartzerik nahi. Hitzarmenari egin beharreko puntualizazioak egin dizkiogu, bai; baina hori Udaletik erabili dute existitzen ez den adostasuna irudikatzeko.
Oso kezkatuta gaude Udalaren zorroztasun faltarekin, hipotesietan oinarritzen direlako zentzu askotan. Behin baino gehiagotan errepikatu digute desguazea zegoen eremu hori oso kutsatuta dagoela, baina lurren analisiak eskatu genizkienean, esan ziguten ez zeuzkatela eginda. Egon daitezke erabat kutsatuta, ez diogu kontrakorik, baina kontua da eurek ere ez dakitela.
Aldaketa asko proposatu dituzue hitzarmenean?
Bai, eta ez dira aldaketa txikiak izan. Hitzarmena jaso genuenean aditu bati pasa genion, eta berak azaldu zizkigun xehetasunak. Bioerremediazioa da gehien aipatzen den teknika, baina hasierako hitzarmenaren zirriborroan Biodigestioa ere barruan zegoen. Informatzen hasi ginen, eta alde haundia dago batetik bestera, nahiz eta 'bio' aurrizkiarekin dena gelditzen den ondo. Biodigestio makina bat sartzen denean, organikoa bertara bota eta gasa eratortzen da. Biogasa egiteko planta bat bihurtzen da. Nafarroan izan dira horrelako plantak egiteko proiektu proposamenak, eta EH Bildu aurka posizionatu izan da. Guk Batzordean hori esan genien, eta euren erantzuna adierazgarria izan zen: 'Beno, ba kenduko dugu'. Hain potentea den zerbait horrela kentzen dute? Besterik gabe?
Jokabide horrek sekulako mesfidantza sortzen digu, ez delako kudeaketa serioa. Aurreko hitzarmena sinatu izan balute, hemendik urte batzuetara Biogas planta bat izango genukeen herrian. Horretaz bizilagunak ohartu ginen.
Bestalde, esan genien juridikoki oso hitzarmen eskasa zela. Hasierako zirriborroan adostuta zegoen Ekotradek zerbait beteko ez balu, Udalak akordioa eteteko aukera zuela, baina aurrez egindako inbertsioa galduta. Aldiz, Ekotradek bazuen aukera, kontrako kasuan, Udalari indemnizazioa eskatzeko. Zentzu horretan, erabat salduta zegoen Udala.
Hilabete hauetan informazio bila aritu zarete. Zer topatu duzue?
Jauregin proiektatutakoaren antzeko planta bakarra Parisen dago, eta adierazgarria da Udal ordezkariak ez direla hura bisitatzera joan. Informazio bila aritu garenean jakin dugu Estatu Frantsesean badagoela talde ekologista ezkertiar bat, Soulèvements de la Terre, Parisko plantaren aurka dagoena. Eta mugimendu ekologista horretan EH Bai-ko zenbait kidek militatzen dute. Orduan, gure galdera da: Zergatik da desegokia Parisen eta egokia Hernanin? Gainera, Jauregiko plantak lur bolumen haundiagoa jasoko du.
Horrez gain, konturatu gara Udalak ez dituela bere barne arauak errespetatzen. 2011n onartutako Arau Subsidiarioak aukera eman zion Autos Zapiaini landa eremu ez eraikigarrian desguaze bat egiteko. Halamoduz eman zitzaion aukera hori, baina baldintzen artean bazuen puntu esanguratsu bat: Autos Zapiain itxi bezain laster berreskurapen paisajistiko bat egingo zela bertan. Hori arauan hitzez hitz jasota dago. Orain egin nahi dutena garai hartako tranparen jarraipena da.
Nolakoa izan da Ekotraderen, Hernaniko Udalaren eta zuen arteko harremana?
Alkateak dio beti gardentasunez jokatu dutela, baina hori ere zalantzagarria da. Hiru urte luzez egon da Ekotraderekin biltzen, beharrezkoak izan diren bilera guztiak eginez. Guri, aldiz, oso momentu puntualetan eman digu parte hartzeko aukera; bi bilera, bi batzorde eta plenoa. Proiektua gehiago ezagutu ahala, ezkutatu nahi zizkiguten gauzak topatzen joan gara. Adibidez, esan ziguten urik ez zela erabiliko prozesuan, eta Ekotradek aurkeztutako planoetan ikusi genuen enbalse bat egiteko asmoa dutela Jauregin.
Hitzarmena onartuta, ingurua garbitzen eta betelanarekin hasiko dira laster.
Betelanaren gaia ere sekulakoa da. Gure kalkuluen arabera, gutxienez 40.000 metro kubiko daude betetzeko. Horrek esan nahi du, bi urtetan bete nahi dutenez, gutxienez 50.000 kamioi sartu behar direla denbora tarte horretan. 12 orduko lanaldia aurreikusita, orduro 17-18 kamioi pasako dira Jauregitik. Ikaragarria da. Kamioi guztiak, gainera, Galarretaren eta Volvoren artean dagoen bidetik joango lirateke, horrek suposatzen duenarekin.
Planta martxan jartzean bide berri bat izango da, kamioiak bertatik pasatzeko.
Hori da. Eta hori saldu dute ondorioak murrizteko irtenbide modura. Baina Jauregiko bizilagunok ez dugu karretera berri bat behar. Bidea egingo dute enpresak bere jarduera gauzatzeko, ez guri mesede bat egiteko. Hori ez da ondorioak murriztea.
Bestalde, EAJ orain bere ekarpenak saldu nahian dabil, baina proposatu duten bakarra da bidea eta plantaren ingurua zuhaitzekin tapatzea. 'Egin dezatela, baina ez dadila ikusi', hori da euren filosofia.
Zein da bizilagunek emango duzuen hurrengo pausoa?
Aste hauetan zehar herriko eragile ezberdinekin elkartzeko asmoa daukagu, baita Auzo Elkarte batzuekin ere. Auzia sozializatzea da gure asmoa, jendeak benetan jakin dezan zer den Jauregin egin nahi dutena. Guk ez dugu ezezkoa edozergatik ematen; guk benetako Zero Zabor filosofia aldarrikatzen dugu. Lurrak garbitu daitezela lekuan bertan, inora eramateko beharrik gabe. Ez da logisitikoki errazena, baina jasangarritasunak benetan kezkatzen bagaitu, hori da irtenbidea.
Bestalde, astearteko plenoan oso itsusia iruditu zitzaigun alkateak esatea planta Zikuñagara lekualdatu nahi dugula. Argi uzten dugu ez dugula hori nahi. Guk Batzordean esan genuena izan zen Eziago Poligonoan bazegoela planta jartzeko eremua; metro karratuak badaudela, alegia.
Gu ez gaude industriaren aurka, baina industriak industriaguneetan egon behar du, ez landa eremuan. Landaguneak industrializatzen hasten bagara industriaguneak desindustrializatzen ditugun bitartean, ez goaz ondo.
Zer da Hernaniko Udalari eskatzen diozuena?
Zorroztasun eta lanketa haundiagoa eskatzen diogu. Euskal Herriak badu arazo bat lur kutsatuekin, baina norbaitek kuantifikatu du arazo hori? Planta bat nahikoa da, ala hiru behar dira? Ala ez da batere behar? Hipotetikoki egiten ari dira dena, eta ezin da politika publikoa egin hipotesietan oinarrituta, ez da serioa. Interes ekonomikoak daude atzean, lur merkeak direlako.
Guk lortu dugu aditu askorekin hitz egitea, informazioa kontrastatu dugu, EHUko ikerlari batzuekin ere badugu harremana... Orduan, Udalak zergatik ez du hori egiten?
Gaur egun eskuragarri dagoen teknologiarekin, lurrak lekuan bertan garbitu daitezke. Horrek eraikitze prozesuak moteltzen ditu, baina eredu jasangarriena da. Politika eredua aldatu beharko genuke, ahal den guztietan tokian bertan garbitzeko.