Boleiboleko denboraldia bihar hasiko du Hernanik, Euskal Ligan. Mutilek denboraldi bikaina osatu zuten aurreko sasoian, eta mailaz igotzetik gertu geratu ziren. Aurten helburua pausotxo bat gehiago ematea da, eta horretarako irabazten hastea garrantzitsua izango da. Bihar egingo dute debuta, eguerdiko 12:00etan, Hernaniko kiroldegian. Universidad La Rioja talde errioxarra izango da aurkaria.
Aurten aldatu egin da Euskal Ligaren formatua, bi multzotan banatuta ariko baitira. Hernani A multzoan dago, eta zazpi taldek osatzen dute: Hernani, Navarvolei A, Navarvolei B, Bera Bera, Arizmendi, Aidean eta Universidad La Rioja. Jardunaldi bakoitzean talde batek atsedena izango du. B multzoa osatzen dute ondorengo taldeek: Udapa Jatorkide, Esvol Santander, Gallartaren Ahotsa, Sestao, Galdakao, Lekeitio eta Ekialde.
Multzoko hiru lehenengoetan sailkatzea, aurreneko helburua
Multzo bakoitzean denek denen aurka jokatuko dute bi itzulitara, eta lehenengo hiru sailkatuak igoera fasera sailkatuko dira. Hernanik bertan egon beharko luke. Multzoetako lehenengoak finalerdietara sailkatuko dira zuzenean, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek final laurdenak jokatuko dituzte. Bertako irabazleak sailkatuko dira finalerdietara. Otsaileko azkeneko bi asteburuetan izango dira final laurdenak eta finalerdiak. Finala martxoaren 7an jokatuko da, baita hirugarren posturako lehia ere.