Ezusteko pozgarririk izan bada mutilen Ohorezko Elite Mailan, Hernaniren denboraldi hasiera izan da. Trikoloreek modu borobilean ekin diote ligari, aurreneko bi partiduak irabazita, eta ez nolanahiko kontrarioen aurrean: igoera lortzeko faboritoetako bi menderatu ditu, Les Abelles eta Pozuelo, biak ere maila gorenean ari zirenak joan den urtean.
Liga hasiera gozoari, Valentzian eman nahi diote segida, bihar eguerdian. 12:00etan jokatuko dute Valentziaren kontra, Quatre Carreres zelaian. Hernaniren kontrario historikoa da talde valentziarra: 80ko hamarkadan behin baino gehiagotan aritu ziren aurrez aurre Errege Kopan, eta ligan ere partiduak lehiatuak jokatu zituzten elkarren kontra. Hain juxtu, kopako partidu horietako batek sekulako jendetza bildu zuen Landaren; Hernaniko zelaian izan den haundienetakoa.
Kontuak kontu, garaipenaren bila joango dira trikoloreak, ligako bi partiduak galdu dituen kontrarioaren zelaira. Pozueloren eta Gernikaren kontra, porrota jaso dute valentziarrek denboraldi hasiera honetan, eta puntu bakarra daukate, Pozueloren aurrean lortutako defentsako bonusa. Edonola ere, ez da partidu erraza izango, aurten partidu bakar bat erraza izango ez den heinean.
Aurreneko lerroan eta hiru laurdenetan erakutsitako indarra berretsi beharko dute hernaniarrek, jokoan dominatzaile izateko beste behin; eta Pozueloren kontra defentsan izandako sendotasunari eutsi, bereziki partiduaren azkeneko minutuetan, markagailua estu jarri zenean.
Denboraldia hasi besterik ez da egin, baina lortutako emaitzek eta zelaian erakutsitako jokoak ilusioa piztu dute taldean eta zaleen artean. Valentziari irabazteak, Hernani hautagai serio gisa kokatuko luke, igoera lortzeko lehia horretan.
23 urtez azpikoek, Les Abelles kontrario Landaren
Estatu mailako ligan ari dira 23 urtez azpiko mutilak ere, beste urte batez; eta Landaren estreinakoz jokatuko dute bihar. Les Abelles izango dute bisitari, bihar eguerdiko 12:00etan. Joan den astean Bartzelonaren zelaian galdu ondoren (34-10), aurreneko garaipena nahi dute.