«Mobilizazioetara batzeko eta kaleak hartzeko deia egiten dugu; eta etzi Iruñeko kaleak beteko ditugu»

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 2a, 17:46

Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak oharra plazaratu du Global Sumud Flotillaren aurkako erasoa
dela eta.

«Atzo gaueko 21:00ak aldera, Israelgo Armadak Global Sumud Flotillaren aurkako erasoa abiatu zuen. Erasoan, Gazako setioa apurtu eta Zerrendara laguntza humanitarioa eramatea helburu zuten ekintzaileak blokeatu, abordatu eta atxilotu egin zituen estatu sionistak. Une honetan, 400 ekintzaile baino gehiago daude atxilotuta, tartean hainbat euskaldun ere.

Lehenik eta behin, gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu Israelek Gazan egiten duen sarraskia eta setioa hausteko euren pribilegio okzidentalak palestinar kausaren alde jarriz, beren bizitza azken muturreraino eramateko adorea izan duten horiei. Bestetik, Israelen izaera kriminala salatu nahi dugu. Noraino iritsiko da entitate terrorista hau? Premiazkoa da Palestinarren aldeko borroka oro munstro sionistaren aurkako borroka bihurtzea, eta bere zilegitasuna zalantzan jartzea. Izan ere, Israelen existentziak mundua arriskutsuago bihurtzen du.

Dena den, ontzidiko kideek behin eta berriz adierazi duten bezala, ezin dugu ahaztu ontzidiaren helburua nazioarteko begiak Gazan kokatzea dela. Gazan Israel egiten ari den sarraskia deskribatzeko ez dago hitzik inongo hiztegitan: Gazako Zerrendaren %90 suntsitua dago, zutik geratzen diren ospitaleak tankez inguratzen ari dira, gosetea sufritzen ari da populazioaren gehiengoa…

Bada garaia estatu terrorista desagerraraztera bidean, Israelekin harreman oro eteteko: salerosketa-akordio oro, harreman diplomatiko oro, kirol ekitaldi orotatik kanporatzeko. Azken asteetan, mobilizazioari esker, Europako gobernuek zenbait neurri
iragartzera eta Palestinako estatua aitortzera behartuta ikusi dute euren burua. Global Summud Ontzidiak ere erakutsi digu euren determinazioak Espainiako eta Italiako gobernuak bertan diren bere biztanleak babesteko armadak mugiaraztera behartu dituela, argi utziz europar gutxi batzuen bizitzak ehunka mila palestinarrenak baino gehiago axola diela. Aurpegia garbitzeko eta protesta baretzeko hitz eta neurri hutsalak besterik ez badira ere, argi izan behar dugu borrokaren fruitu direla eta orain dela momentua presioaren intentsitatea biderkatzeko.

Ez da borroka erraza izango, Israel Amerikako Estatu Batuen eta Europaren proiektu inperialistaren parte funtsezkoa delako, eta zentzu horretan euskal burgesiaren aliatua ere bada. Baina herri langileen arteko elkartasunak ez dauka mugarik, eta palestinar herriak eta bere erresistentziak oraindik ere tinko dirauen era berean, gure egitekoa da hemen Israelen konplize guztiei bakerik ez ematea, munstro sionista desagerrarazi arte.

Mobilizazioetara batzeko eta kaleak hartzeko deia egiten dugu; eta urriaren 4an Iruñeko kaleak beteko ditugu, palestinar erresistentziaren alde, Israelgo estatuaren desegitearen alde eta konplize guztien aurka».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!