Enpresa esportatzaileei zuzendutako laguntza zerbitzu berria eskainiko du Gipuzkoako Ganberak

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 3a, 00:00

Esportazioan aritzen diren enpresei bideratutako zerbitzua eskainiko dute.

Gipuzkoako Ganberak laguntza osoa eskainiko du eskabidea prestatzeko, izapideak arintzeko eta administrazio-kudeaketa errazteko.

Zerbitzu berri bat jarri du abian Gipuzkoako Ganberak, Europar Batasunarekin lehentasunezko akordioak dituzten herrialdeetara esportatzen duten enpresentzat. Eskainiko duten zerbitzu honek 'Esportatzaile Baimenduaren (EA)' zenbakiaren eskaera izapidetzeko euskarria eskaintzen duela azaldu du Gipuzkoako Ganberak; «salgaien lehentasunezko jatorriaren egiaztapena errazten duen estatusa».

Berezko, hau da, jatorrizko egiaztapena EUR.1 zirkulazio-ziurtagiriaren bidez egin ohi omen da, baina EBko merkataritza akordio askok, bide sinplifikatua ahalbidetzen dute: «enpresek Esportatzaile Baimenduaren Zenbakia lor dezakete» Ganberak dio estatutu horrekin, gainera, jatorrizko probaren ordez, fakturako edo beste dokumentu komertzial bateko aitorpen bat egingo da». Modu honetara, enpresek  bidalketa bakoitzean EUR.1 bat kudeatu eta zigilatu beharra saihestuko dute.

Aipatutako zenbaki hori lortzeko, enpresek bere jarduerari eta esportatu beharreko produktuei buruzko informazio zehatza aurkeztu beharko dute (camaragipuzkoa.com), «fabrikazioa datuak, osagaiak eta hornitzaileak barne», gehitu du Gipuzkoako Ganberak. Eta era berean, jakinarazi du laguntza osoa eskainiko duela eskabidea prestatu, izapideak arindu eta administrazio-kudeaketa errazteko.

Zerbitzua herrialde hauetara esportatzen duten konpainiei zuzenduta dago: Hego Korea, Aljeria, Albania, Bosnia-Hercegovina, Serbia, Montenegro, Erdialdeko Amerika, Txile, Ekuador, Egipto, Islandia, Faroe Uharteak, Israel, Jordania, Libano, Mazedonia, Melilla, Mexiko, Norvegia, Hegoafrika, Suitza, Turkia, Maroko, Tunisia, Peru eta Kolonbia, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!