Mondragon Unibertsitateak Galarretan duen campusak nobedadeak ditu ikasturte berrian: Ingeniaritza Mekatronikoko Gradua sartu da campuseko prestakuntza-eskaintzan. Titulazio horrek interes haundia piztu du ikasleen artean, eta badu berezitasun bat: plazen erdiak Lanbide Heziketatik datozen ikasleentzat dira, eta beste erdiak, batxilergotik datozenentzat. Estreinaldiaren balantzea positiboa izan da, eskainitako plaza guztiak bete baitira.
Mekatronikako Graduak oso ezaugarri bereizgarri bat du: Lanbide Heziketako tituludunek hiru urtean egin dezakete; batxilergotik sartzen diren ikasleek, berriz, lau urte behar dituzte. Baliozkotzeei esker, bigarren ikasturtea osorik aitortzen da, eta, horri esker, LHko ikasleek denbora laburragoan lor dezakete ingeniaritza-titulua.
Nobedade horrekin batera, campusak beste titulazio batzuk ematen jarraitzen du: Energiaren Ingeniaritzako Gradua, Energia Sistema Adimendunetako Masterra, Industria Ingeniaritzako Masterra eta Enpresa Berrikuntzako eta Proiektuen Zuzendaritzako Masterra.
Guztira, ikasturte honetan 100 ikasle berri baino gehiago sartu dira Galarretako campusean emango diren gradu eta masterretan; hau da, guztira, 321 ikaslek osatuko dute, bertan, beren prestakuntza.
Prestakuntza duala eta nazioartekotzea
Prestakuntza duala da unibertsitatearen beste ardatz nagusietako bat. Enpresa laguntzaileen sare zabal bati esker, interesa duten ikasleek aukera dute ikasketak eta benetako lan-esperientziak uztartzeko, eta, horrenbestez, beren prestakuntza praktikoa indartzeko eta laneratzea errazteko.
Nazioartekotzeak ere Mondragon Unibertsitatearen zigilu bereizgarrietako bat izaten jarraituko du ikasturte honetan; izan ere, Erasmus programan parte hartzen duten nazioarteko ikasleak izango dira Galarretako campusean, bai eta beren prestakuntza Ingeniaritza Fakultatean osatu nahian Frantziatik eta Latinoamerikako hainbat herrialdetatik etorritako ikasleak ere.
Ate irekiak
Datorren ikasturtera begira, campusak ateak zabaltzeko egunak eskainiko ditu azarotik martxora. Horri esker, etorkizuneko ikasleek eta senitartekoek bertatik bertara ezagutuko dituzte campuseko instalazioak, hezkuntza-programak eta unibertsitatearen bereizgarri den prestakuntza-eredua. k