Mendiriz Mendi elkarteko kideek Mendizale Asterako XLVI. Argazki lehiaketa antolatu dute beste behin. Elkarteko kideek ez ezik, Hernanin bizi diren argazkilari ez profesional guztiek hartu ahal izango dute parte, eta etzi izango da lanak aurkezteko azken eguna.
Animatzen diren herritarrek, ostiralera arte izango dute aukera lehiaketan parte hartzeko, Mendiriz Mendiko lokalera hurbilduz. Iturregi plazan kokatzen da lokala eta gaueko 20:00etatik 21:00etara bitarte egongo da zabalik bihar eta etzi.
Gaia librea da, parte hartzaileek gehienez sei argazki aurkeztu beharko dituzte eta gutxienez hiru. Aurkeztutakoetatik bat, gutxienez, Hernaniko argazki bat izatea da baldintzetako bat; eta, bidaltzerako momentuan adierazita egon behar da zein den herriko argazkia.
Bidaltzeko jarraibideak
Modu zehatz batean bidali behar dira argazkiak. Alde batetik, partaidearen izen abizenak, telefonoa eta aurkezten diren argazki kopurua adierazi behar da. Bestetik, CD edo USB batean eta kalitate haundiko TIFF edo JPG formatuan aurkeztu behar dira.
Lehiaketan bost sari banatuko dira
80 euroko sariak eta trofeoak banatuko dira argazki irabazleen artean. Guztira bost sari prestatu dituzte mendizaleek: 'Hernani', 'Mendia', 'Paisaia', 'Herrikoiena' eta 'Bilduma hoberena'. Herrikoiena hautatzeko esaterako, epaimahaiak 15 argazki aukeratuko ditu lehenik, eta ondoren, aretoan dauden herritarren artean aukeratuko da irabazlea.
Bestalde, ez dira onartuko beste lehiaketaren batean saritutako lanik, eta oinarriak betetzen ez dituzten argazkiak lehiaketatik kanpo geldituko direla adierazi dute antolatzaileek. Argazki guztiak proiekzioaren egun berean itzuliko dira. Mendizale Astea aurkeztean adieraziko da noiz egingo den argazkien proiekzioa eta baita sari banaketa ere, gainontzeko ekintzekin batera.