Garaipen itzela lortu zuen Hernanik Pozueloren aurka

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 30a, 00:00

21-22 lortu dute garaipena hernaniarrek Madrilen pasa den urtean Ohorezko Mailan zegoen bigarren taldearen aurka.

Hernanik bitik bi garaipen eskuratu ditu Ohorezko Elite Mailako ligan CRC Pozuelo 21-22 garaituta Pozuelo de Alarconen. Pasa den denboraldian Les Abelles eta Pozuelo jaitsi ziren Ohorezko Mailatik eta biak ere hernaniarren biktima izan dira lehenengo bi jardunaldietan. Sailkapenean Hernani bigarren postuan dago kokatua zortzi punturekin, Gernika liderrarengandik puntu bakarrera. Bi talde euskaldunak dira bi partiduak irabazi dituzten bakarrak eta ezin hobeto hasi dute denboraldia.

Gutxik espero zuten honelako denboraldi hasiera trikoloreen aldetik eta egiari zor merezimendu osoz lortu dituzte bi garaipenak. Igandeko partiduan erauntsia bezala hasi zuen lehia Hernanik eta hamabigarren minuturako 0-14 aurreratu zen hiru-laurdenetako lerroko bi entsegu eta gero. Bizi ibili ziren hernaniarrak eta Aritzetak biak gauzatu zituen. 

Etxekoek erreakzionatu zuten, bere maila erakutsiz, eta atsedenaldira 11-17 iritsi ziren bi taldeak. Gehiago hurbildu ziren madrildarrak bigarren zatia hasi eta berehala, zigor kolpe bati esker (14-17). Hala ere, Hernanik hegaleko sakea lapurtu, baloia beste hegalera zabaldu eta Lazzarottok entsegu ikusgarria lortu zuen hegaleko marraren alboan (14-22).

Abantaila haunditzeko aukera izan zuten trikoloreek hurrengo hamar minututan, baina jokoan erakutsitako nagusitasuna ez zuten baliatu. 60garren minututik 73garren minutura arte sufritzea tokatu zen eta azkenerako zigor entsegu bat lortu zuten etxekoek puntu bakarrera jarriz (21-22). Azkenengo minutuetan Hernanik erasotuz defendatu zuen markagailua, nagusi izan ziren eta ez zien aukerarik eman aurkariei. 

FITXA

CRC Pozuelo: Helman, Gallego, Fertu; Agnelet, Albariña; Del Campo, Perez, Escobar; Ibañez, Gardner, Arraiza, Mazariegos, Palero, Elvira eta Arraiza. Aulkitik Gonzalez, Cabezos, Sanz Rocco, Fluxa, Osset, Estevez, Martinez eta Castellani.

Hernani: Infante, Zapiain, Etxarri; Larrarte, Iradi; Balenciaga, Eizmendi, Lukas; Miner, Elosegi, González, Arizeta, Burugain, Garmendia eta Olea. Aulkitik Goikoetxea, Unzue, Arrillaga, Ibabe, Diaz de Mendibil, Lazzarotto, Olivenza eta Arrozpide.

Markagailua: Min. 7: Entsegua Gonzalez, gauzatzea Aritzeta (0-7). Min. 12: Entsegua Burugain, gauzatzea Arizeta (0-14). Min. 28: Zigor kolpea Gardner (3-14). Min. 31: Zigor kolpea Aritzeta (3-17). Min. 33: Zigor kolpea Gardner (6-17). Min. 38: Entsegua Palero (11-17). Min. 42: Zigor kolpea Gardner (14-17). Min. 50: Entsegua Lazzaroto (14-22). Min. 73: Zigor entsegua (21-22).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!