Uda hasieran hartutako konpromisoari helduz, Hernanin elkarbizitza eta kulturartekotasuna oinarri izango dituen prozesua matxan jarriko du Udalak datozen hilabeteetan. Gatazken kudeaketan eta elkarbizitzaren sustapenean esperientzia luzea duen Gizagune Fundazioa izango du bidelagun horretarako.
«Zoritxarrez, gizartean ematen ari diren hainbat ezinegon eta jarrera nabarmen ikusi dira gurean ere. Horiek kontuan hartu eta elkarbizitza oinarri izango duen hausnarketa prozesua abiatzea ezinbestekoa ikusten dugu», adierazi du Udalak.
Bereziki ekainean gure herrian izandako gertakarien inguruan herritarrek dituzten pertzepzio eta kezkak jasotzea izango da lehenengo pausoa, hainbat eragile eta ordezkarirekin egingo diren elkarrizketa eta foroen bidez. Ikuspegi horiek osatzeko, elkarrizketa laburrak ere egingo zaizkie herritarrei kalean. Jasotako informazio hori guztia erakunde ezberdinek bildutako datuekin alderatuko da. Urte bukaeran aurkeztuko den txostenak jasoko ditu lehen prozesu honen emaitzak.
Eraso arrazisten kontrako protokoloa landuko da
Ekaineko gertakarietan, bereziki sanjoanetan, arrazakeria oinarri izan eta elkarbizitza oztopatu zuten hainbat eraso izan ziren.
Horregatik, herritarren kezkak eta pertzepzioak jaso eta horiek datuekin erkatzearekin batera, eraso arrazisten kontrako protokoloaren lanketa hasiko du Udaleko Kulturartekotasun sailak, AMHER eta herriko beste hainbat eragilerekin elkarlanean. Esaterako, zurrumurruen aurkako tailerrak antolatuko dira, gai hauetan formazioa jaso nahi duten herritarrei bideratuak.
Bi prozesu horietan jasotzen diren hausnarketekin, aurrerantzean gauzatu beharreko ekimenen eta hartu beharreko neurrien plangintza osatu ahal izango da, «arazoak definitu eta horien soluziorako erantzun zehatzak diseinatzeko».
«Lanketak herriko kohesioa indartzea eta komunitatea sendotzea izango ditu helburu, Hernanin daukagun aniztasuna aintzat hartuta».