Barrenetxeak ezin izan du txapela lortu Juanenea haundi baten aurka

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 28a, 00:00

Juanenea txapelarekin eta Lexuri alabarekin, Barrenetxea alboan duela.

27-30 lortu du Buruz Burukoan lehenengo txapela Saldiaskoak hernaniarraren aurka. Partidua lehiatua izan da, baina Barrenetxeak akats gehiago egin ditu finalean momentu erabakiorretan.

Endika Barrenetxeak ezin izan zuen Buruz Buruko hirugarren txapela irabazi, Juanenearen aurka finala 27-30 galdu eta gero. Merezimendu osoz lortu zuen txapela Saldiasko atzelariak. Atzelari hernaniarra baino hobeto jokatu zuen eta bere lehenengo txapela lortu zuen. Gainera, 9-15 aurreratu zenean Juaneneak zaintiratu bat izan zuen eta bueltan Barrenetxeak aurrea hartu arren 19-17, ez zuen etsi atzelari nafarrak eta txapela jantzi ahal izan zuen.

Partidua hobeto hasi zuen Juaneneak. 0-3 aurreratu zen eta Barrenetxeak seina berdindu arren, 0-6ko partzial baten ondoren 6-12 hartu zuen aurrea Juaneneak. Ordurako hernaniarrak sei akats eginak zituen eta aurkaria berriz oso serio ari zen jokatzen, hobeto errestoan eta sakean. Peloteoan berdintasun haundiagoa zegoen, baina akatsek kalte egin zioten Barrenetxeari.

Partidako abantailik haundiena 7-14koa izan zen nafarraren alde. Bere momenturik onenean zen saldistarra, baina 9-14koan zaintiratu bat izan zuen eskuineko hankan eta aldageletara joan zen. Bueltan errenka zegoela nabaritzen zitzaion, nahiz eta partiduan sartuta jarraitu. 

Endika Barrenetxea hobeto hasi zen ateratzen eta horri esker desabantaila murrizten joan zen. Gainera Juanenea oraindik hotz zegoen eta 9-15ekotik, 19-17ra pasa zen hernaniarra agintzera. Partidua bere alde eroriko zela zirudien. Hala ere, Juanenea ez zegoen prest horretarako. Indarrak atera zituen eta lesioa berotu zenean bere onena atera zuen. 20na berdindu eta 22-24 ere jarri zen aurretik. Ordurako finala azken tantoetan erabakiko zela argi zegoen. 25na, 26na eta 27na berdindu zuten eta azken lau tantoak Juanenearen alde izan ziren. Ederki erreboteatu zuen eta Barrenetxeak ezin izan zuen Juanenea gainditu. 27-30ekoak kantxan ikusi zena isladatu zuen.

 

Goikoetxea V.na eta Aiestaran VI.na, Oriamendi Txapelketako txapeldun

Nahiz eta Barrenetxeak txapela ezin lortu, Aitor Aiestaran hernaniarrak binakako promozioko Oriamendi Txapelketa irabazi zuen Goikoetxea V.arekin batera. Erraz gainditu zituzten Jabalera eta Eskudero 15-8 eta 15-7ko partzialekin. Jaun eta jabe izan ziren hasieratik amaierara bitarte eta partidurik galdu gabe irabazi dute txapela.

 

BURUZ BURUKO PALMARESAA

TXAPELDUNA – AZPITXAPELDUNA

1944 ÁBREGO-SALSAMENDI

1952 ARESO

1981 INTXAUSPE-ZESTAU

1986 AGERRE-INTXAUSPE

1987 INTXAUSPE-MUJIKA I

1988 MUJICA I-AIZPURU

1989 MATXIN II-INTXAUSPE

1990 MATXIN II-MUJIKA I

1991 MUJICA I-ELIZALDE

1992 MATXIN II-MUJIKA I

1993 AIZPURU-AGERRE

1994 MATXIN II-AIZPURU

1995 EZKURRA-AIZPURU

1996 EZKURRA-EIZAGIRRE

1997 EZKURRA-EIZAGIRRE

1998 EZKURRA-LIZASO

1999 EZKURRA-EIZAGIRRE

2000 LIZASO-EZKURRA

2001 EZKURRA-LIZASO

2002 EZKURRA-ZEBERIO II

2003 EIZAGIRRE-EZKURRA

2004 EZKURRA-LIZASO

2005 EZKURRA-LIZASO

2006 ZEBERIO II-URRUTIA I

2007 ZEBERIO II-EZKURRA

2008 URRUTIA I-ZEBERIO II

2009 URRUTIA I-ZEBERIO II

2010 EZKURRA-SAN MIGUEL

2011 EZKURRA-URRUTIA I

2012 URRIZA-ZEBERIO II

2013 URRIZA-SAN MIGUEL

2014 SAN MIGUEL-URRIZA

2015 URRIZA-UTERGA

2016 URRIZA-BARRENETXEA IV

2017 URRIZA-UTERGA

2018 URRIZA-UTERGA

2019 BARRENETXEA IV-URRIZA

2020 URRIZA-ENDIKA

2021 BARRENETXEA IV-URRIZA

2022 URRIZA-BARRENETXEA IV

2023 ANSA II-JUANENEA

2024 ANSA II-BARRENETXEA iv

2025 JUANENEA-BARRENTXEA IV

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!