Buruz Buruko hirugarren txapela eskuratzen duen lehenengo atzelaria izatetik gertu dago Barrenetxea

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 27a, 00:00

Asteartean hautatu zuten finalerako materiala.

Gaur arratsaldean jokatuko dute, 16:30etatik aurrera, urteko txapelketa garrantzitsuenaren finala. Jaialdi berean, Oriamendi Txapelketako finala jokatuko dute, tartean Aiestaran VI hernaniarra dela. 

 

Egun haundia izango da gaurkoa Galarretan. Bi final jokatuko dira arratsaldeko jaialdian, eta bietan izango da Hernaniko ordezkaritza. 

Buruz Buruko Txapelketako finala jokatuko du Endika Barrenetxea hernaniarrak, Aritz Juanenearen aurka. Barrenetxeak ligaxkatik lortu zuen sailkapen zuzena, eta indarrak ondo berreskuratuta iritsiko da gaurko hitzordura. Lehenengo fasean nagusitasunez aritu zen atzelari hernaniarra, eta puntu guztiak eskuratuta sailkatu zen aurreneko postuan. Finaletan esperientzia haundia duen erremontaria da, eta gaurkoan irabaziko balu, Buruz Buruko Txapelketa hirutan irabazten duen lehenengo atzelaria izango litzateke. 

Bi finalisten arteko partiduan 30-18 irabazi zuen Barrenetxeak, baina aspaldiko kontuak dira horiek. Hilabete eta erdi igaro den honetan, lehia estuagoa espero da kantxan. Juaneneak txapelketa gorabeheratsua izan du, baina finalerdietan Ansari irabaztetik dator, eta horrek konfiantza emango dio. Saldiaskoak aurreko edizioetan gauzak asko zaildu izan dizkio Barrenetxeari, eta bere aukerak baliatzen saiatuko da gaur arratsaldean ere. Bigarren finala du Buruz Burukoan.

Astearte arratsaldean hautatu zuten gaur erabiliko den materiala. Barrenetxeak pelota bizien aldeko apustua egin zuen, eta Juaneneak material lehorragoa hautatu zuen; geldoagoa, alegia. Juxtu kontrako pelotak dira, eta ikusteke dago zeinen pelotekin arituko diren gehiago.

Jaialdia arratsaldeko 16:30etan hasiko da, eta bigarren partiduan arituko dira Barrenetxea IV eta Juanenea buruz buru. 

Oriamendi Txapelketa ere gaur erabakiko da

Jaialdiko lehenengo partidua Oriamendi Txapelketako finala izango da. Goikoetxea V eta Aitor Aiestaran hernaniarra, Jabaleraren eta Eskuderoren aurka arituko dira. 

Goikoetxea eta Aiestaran dira faborito nagusiak; ligaxkan jokatutako partidu guztietan lortu zuten garaipena, eta finala patxadaz prestatzeko tartea izan dute. Goikoetxeak diferentziak markatu ohi ditu kantxan, eta ohiko kolpearekin dagoenean gainditzeko lan haundia izaten dute aurkariek.

Hala ere, Jabalerak eta Eskuderok finalaurrekoaren ahozapore gozoa dute oraindik, eta jarraipena emateko asmoa dute.

«Sakean eta erregulartasunean egon daiteke gakoa»
«Oso gustura nago egindako prestakuntzarekin, indarberrituta sentitzen naiz»

AITOR AIESTARAN - Aiestaran VI
Oriamendi Txapelketako finalista

«Sentsazio onarekin eta gogotsu iritsi gara finalera. Ligaxkako partiduetan bikote ona osatu genuen, eta iruditzen zait puntu onean gaudela orain ere. Ligaxkatik lehenengo postuan sailkatuta, partidu gutxixeago jokatzetik gatoz, baina azken aste hau baliatu dugu prestakuntza ona egin eta sasoiko iristeko.

Jabalerak eta Eskuderok finalaurrekoan erakutsi zuten oso bikote ona egiten dutela. Partidua irabazi nahi badugu, gauzak oso ondo egin beharko ditugu. Sakean eta erregulartasunean egon daiteke gakoa.

Egun polita izango da gaurkoa, jende ugari elkartuko da Galarretan eta ederra litzateke txapelarekin etxeratzea».

 

ENDIKA BARRENETXEA - Barrenetxea IV
Buruz Buruko Txapelketako finalista

«Finala ondo prestatzeko aukera izan dut, eta ondo etorri zait. Irailaren 6an jokatu nuen azken partidua, Azpirozen aurka, eta hurrengo astea leher eginda pasa nuen. Aurreko astean fisikoki lan haundia egin dut, puntu bat igo ahal izateko; eta azken astea frontoiko entrenamenduetara bideratu dut. Egia esan oso gustura nago prestakuntzarekin, eta indarberrituta sumatzen dut nire gorputza. 

Juanenea konfiantzaz gainezka iritsiko da. Ia kanpoan egotetik finalean sartzera pasa da, eta motibazio extra emango dio egungo txapeldunari irabazi izanak. Pelotari arriskutsua da, pelotazo bizia du eta ondo kokatzen da kantxan. Ez da batere aurreikusgarria. Gure arteko partiduak gogorrak izan dira gehienetan, baina saiatuko naiz nire lana ahalik eta ondoen egiten. 

Niretzat oso gauza berezia izango litzateke Buruz Buruko hirugarren txapela janzten duen lehenengo atzelaria izatea. Nik betidanik bizi izan dut erremontea, etxetik jaso dudan modalitatea da, eta horrelako lorpenak garrantzitsuak dira niretzat. Hala ere, pozik nago orain arte lortutakoarekin ere; Buruz Buruko sei finaletara iritsi den lehenengo atzelaria izatea ere asko baloratzen dut».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!