Herri gosariarekin ekingo diote Lizeagako bizilagunek festetako bigarren egunari

Kronika - Erredakzioa 2025eko irailaren 26a

Jolasean arituko dira Lizeagako gaztetxoak.

Txupinazoa eta Poker Txapelketa egin zituzten atzo, eta egun osoko egitaraua dute aurretik gaurkoan. Gosariarekin hasi eta Oihan Vega DJ-aren emanaldiarekin amaituko dute eguna Lizeagan. 

Festa egun haundia dute gaur Lizeagan. Atzo hasi zituzten Gibelalde Auzo Elkarteak antolatutako jaiak, eta gaur emango diete jarraipena egun luzeenarekin. Txupinazoan eta Poker Txapelketan sortu zen giroarekin, gaurkoan ere dexenteko mugimendua izango dela aurreikusi daiteke. 

Eguna indarrarekin hasteko, herri gosariarekin ekingo diote Lizeagan. Menua tradizionala izango da, buelta erdirik gabekoa: txokolatea eta txurroak. Gosari eder horrekin erraz eutsiko diote festa giroari iluntzera arte.

Eguneko momenturik hunkigarriena goizeko 11:00etan izango da. Iazko abuztuan hildako Txomin Pavon auzotarra omenduko dute. Gibelalden inplikazio haundia zuen Txominek, eta festen antolakuntzan buru belarri aritu ohi zen. 

Goiza errematatzeko, erraldoien eta buruhaundien kalejira izango da eguerdiko 12:00etan; eta herri bazkari baten bueltan bilduko dira 14:00etan. 

Jolasetik asko izango du gaurko arratsaldeak

Gauza ederra da jolastea, eta ondo dakite hori Lizeagan. Jolasarekin lotutako jarduera asko izango dituzte gaur arratsaldean, helduek zein haurrek gozatzeko. 

Arratsaldeko 16:00etatik 17:00etara aprobetxatu beharko dute haurrek barraketan debalde ibiltzeko; 17:00etan, aldiz, bingora jolastuko dute bazkalosteko giroan; eta 22:00etan Tutera jokatuko dute Aitan Etxe tabernan. 

Musikari dagokionez, Oihan Vega DJ ezagunaren emanaldiak izango dituzte Lizeagan: lehenengo saioa arratsaldeko 18:30etan izango da, eta bigarrena 22:00etan. 

Tortilla eta sagardoa, bihar

Hernaniko auzoetako festen ikurra izaten da sagardo dastaketa, eta bihar izango da Lizeagakoa. Horrekin batera, tortilla txapelketa, auzoen arteko sukaldaritza lehiaketa egingo dituzte. 

Festak bukatzeko, Mus Txapelketa jokatuko dute Lizeaga tabernan.

LIZEAGAKO FESTAK

HERNANI

GAUR

10:00 Herri gosaria: txokolatea eta txurroak.

10:00 Haurrentzako jolasak: ginkana, toka, igela, ur puxkiak...

11:00 Omenaldia Txomini. 

12:00 Erraldoiak eta buruhaundiak, musikarien laguntzarekin. 

14:00 Herri bazkaria. 

16:00 Barrakak umeentzat dohainik arratsaldeko 17:00ak arte. 

17:00 Bingoa. 

18:30 Musika Oihan Vega DJ-aren eskutik gazteentzat. 

20:00 Kuadrillen afaria.

22:00 Tute txapelketa Aitan Etxe tabernan. 

22:00 Musika Oihan Vega DJ-aren eskutik. 

BIHAR

12:00 Tortilla lehiaketa. Tortillak 11:30ak arte aurkeztu daitezke. 

12:00 Auzoen arteko sukaldaritza lehiaketa. 

12:30 Sagardo dastaketa. 

12:30 Toka eta bote.

14:00 Jaien bukaera. 

16:00 Mus txapelketa Lizeaga tabernan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!