Imajinatzen duzue denboran atzera egitea? Zergatik ez? Imajinatzen duzue aspaldiko lagun talde bat berriro elkartzea? Zergatik ez? Imajinatzen duzue jendea zuzeneko kontzertu batean ‘Zergatik ez?’ oihukatzen? Zergatik ez? Imajinatzen duzue Etzakit Oialumera itzultzea? ZERGATIK EZ?
Gorde ondo data: 2026ko urtarrilaren 5a. Errege bezperan Oialumeko dantzalekura itzuliko da Etzakit taldea, duela 30 urte hasi eta duela 23 urte agurtu ziren leku berera. Xabi Solano, Jon Mari Beasain, Ander Barrenetxea eta Aitor Zabaleta berriro elkartuko dira emanaldi oso berezi bat eskaintzeko.
Azken asteetan ‘Zergatik ez?’ esaldia errepikatu dute zenbait ahots ezagunek sare sozialetan, eta atzo gauean Fermin Muguruzak baieztatu zuen albistea, Bilboko Kafe Antzokian, Solano aldamenean zuela: «Gaur da iragartzeko eguna, esklusiban, kontzertua eskainiko duela bere lehenengo taldearekin, Etzakitekin!».
Oraindik ere askotan entzuten dira Etzakiten abestiak tabernetan eta txosnaguneetan, baina oraingoan zuzenean estreinakoz entzuteko aukera izango dute askok. Gazte izandakoek, aldiz, garai zaharrak gogoratuko dituzte euren aspaldiko idoloak oholtzan dauden bitartean.
Sarrerak urriaren 1ean jarriko dituzte salgai, eguerdiko 12:00etatik aurrera, www.oialume.eus webgunean.
Zortzi urteko ibilbide oparoa
1995eko urtarrilean eskaini zuen Etzakitek lehenengo kontzertua, eta 2003an agurtu ziren festa ikusgarri batekin. Zortzi urteko ibilbidea egin zuen taldeak, eta denbora tarte horretan 1000 kontzertutik gora eskaini zituen.
Maketa bat eta bi diska sortzeko denbora eman zien denbora tarte horretan: Etzakit (1998) eta Goiz edo noiz? (1999). Azken lan horren parte da ‘Zergatik ez?’ abesti mitikoa; Gaztea Saria ere irabazi zuen kantuak, argitaratutako urtean bertan.