Dagoeneko batenbat ariko da etorkizunean pentsatzen, baina denboran atzera eginez abiatu da elkarrizketa, Solanok 2003an argitaratutako Kronika eskuartean duela: «Mekabendio! Urte batzuk pasa dittuk! Earra, earra… Urtarrillaren 4ian jo genian azken kontzertua ta…». Gehiegi kontatzen hasi aurretik, grabagailua martxan jartzea onena.
Egun hori gogoan izango duzu, noski…
Bai, noski, zaila da horrelako egunak ahaztea. 1995eko urtarrilaren 5ean egin genuen gure lehenengo kontzertua, egun horretan hasi ginen Etzakit bezala. Utzi, berriz, 2003ko urtarrilaren 4an egin genuen. Orduan ere esan ziguten bestelako areto haundiago batean egiteko, baina guk esan genien gure plaza Oialume zela, eta halaxe egin genuen. Urte batzuk pasa dira ordutik, eta itzultzeko une aproposa dela iruditu zaigu.
Juxtu 30 urte pasa dira zuen hasieratik, juxtu urtarrila hasieran itzuliko zarete, juxtu Oialumen… Ez dugu kasualitateetan sinesten.
Dena propio egindakoa da. Taldea utzi arren beti topatu dugu elkartzeko tartea, eta horietako batean esan genuen: ‘Ingo al deu?’. Beste parranda txiki bat egiteko aitzakia izango da, aspaldiko kontzertu horietako sentsazioa berreskuratuta. Hasieratik argi geneukan ez genuela kontzertu masibo bat eskaini nahi, herrikoiagoa izatea nahi genuela, eta data aukeratzea ere erraza izan da, oso esanguratsua delako guretzat.
Noiztik daramazue itzulera prestatzen?
Esne Beltzaren azken kontzertua oso haundia izan zen, eta horri buruz hitz egitean, beti errepikatzen genuen gure neurriko plaza berez Oialume zela. Hari horri tiraka iritsi gara puntu honetara. Askotan jaso ditugu beste proiektu batzuetan parte hartzeko deiak, askotan entzun ditugu gazteak esanez gure kontzertu bat zuzenean ez ikustearen pena dutela, eta horrek guztiak zerbait egiteko gogoa piztu digu.
Kontzertu bakarra izango da? Ala badago zerbait gehiago?
Bai, printzipioz kontzertu bakarra egingo dugu. Gehiago egitekotan, ez dira asko izango.
Etzakit, hala ere, sekula ez da plazetatik erabat desagertu.
Oso gauza puntualak egin ditugu. Gehienetan sorpresaz elkartu izan gara; gogoan daukat Aisterratzuko kontzertu batean edo Hernanin Esne Beltzaren kontzertu batean pare bat abesti jotzeko elkartu ginela. Horietan jendeak bronka bota izan digu ez abisatzeagatik. Oraingoan iragartzea erabaki dugu, eta nahi duena etorri dadila.
Belaunaldi berrietara ere iritsi dira Etzakiten abestiak.
Nabaritzen dugu erromerietan, txosnetan, tabernetan, irratian… Oraindik entzuten diren abestiak dira. Bertsio desberdinak ere egin dituzte txarangetan eta elekrtotxarangetan jotzeko. Gerora ezagutu gaituzten horiei erakutsi nahi diegu zeinen pozik ibiltzen ginen soinu eta panderoarekin, beste ezer gabe. Gaur egun, gu ere barne, kontzertuak haundian pentsatzera ohitu gara, eta xumetasun hori faltan sumatzen genuen. Ez dela asko behar, alegia. Garai horretako festa giroa eraman nahi dugu Oialumera.
Lehengo estiloan egingo duzue dena, baina, zerbait aldatu bada, zuek zarete. Hainbeste esperientzia pilatu ondoren, Etzakit izatetik Bazekiu izatera pasako zineten honezkero…
Egunero ikasten jarraitzen dugu guk ere, beti dago zer ikasia. Ni orain Fermin Muguruzarekin nabil biran, eta denetik ari naiz ikasten. Etzakit beti izango da Etzakit. Ez dugu esentzia hori galdu nahi. Han ikasten geunden eta oraindik ikasten ari gara. Gainera, Etzakitekin ikasi genuen zer zen herriz herri kontzertuak eskaintzea, 8 urtean 1000 kontzertu baino gehiago egin genituen. Sekulako eskola da hori.
Eta eskola horretako jolaslekua Oialume da, ezta?
Gure gazte garaiko lekua da. 15 urte bete nahi genituen bertara joateko, gurasoek ordura arte ez zigutelako uzten. Hernaniar askorentzat izan da horrela, askok ikusten dute Oialume gauza eder bat bezala. Guretzat, gainera, etxea zen. Ander bertakoa da, eta gu astero etortzen ginen ensaiatzera. Oialumera juergara etortzen ginen garai berean hasi ginen Etzakitekin Euskal Herritik barrena jotzen, 16 urte exkaxekin.
Oroitzapen bat aukeratzeko eskatuko banizu, zein aukeratuko zenuke?
Lehen aritu gara izenaz gora eta behera, eta jatorri polita duela esango nuke. Lehenengo kontzertuko egunean Traketsek ere jotzen zuen Oialumen, igandero bezala. Momentu horretan guk nahiko lan bagenuen ensaiatzen eta kantuak prestatzen, eta izena pentsatzea ahaztu zitzaigun. Han galdetu ziguten ea gure taldeak nola izena zuen, eta nik ‘etzakit’ erantzun nion naturaltasunez. Halako batean, mikrofonotik ozen entzun genuen: ‘Zuekin Etzakit!’ Eta hortik aurrera halaxe geratu zen taldearen izena. Askok galdetzen digute ea nondik datorren, ba horixe da azalpena. Gogoan daukat Etsaiak taldearekin nahasten gintuztela, kartelean bat jarri eta gero bestea azaltzen zela.
Beste anekdota on bat ere badago. Amorotora joatekoak ginen kontzertua eskaintzera, eta agendan, despistatuta, Amaroz apuntatu genuen. Hantxe joan ginen, puntu puntuan, baina tokatzen ez zen herrira. Gero Amorotora itzuli behar izan genuen, noski.
1000 kontzertu baino gehiago eskainita, normala noizbait nahastea.
Urtean 150 kontzertu eskaintzen genituen, egunen batean 3 lekutan ere jo genuen. Pasada bat zen hura. Guk jartzen genuen musika ekipoa, guk egiten genituen teknikako lanak… Gainera, 15-16 urte geneuzkanez, gure aita ibiltzen zen txofer modura, eta kontzertutik zuzenean joaten ginen institutura, gaupasaz tarteka. Taldearentzat sekulako mugarria izan zen Aitorrek karneta ateratzea. Furgoneta bat erosi genuen eta gure kabuz mugitzen hasi ginen.
Gaur egun zer sentitzen duzue garai haiek gogoratzean?
Sentimendua oso indartsua da, anaiak bagina bezalakoa. Elkartzen garen bakoitzean horrela izaten da. Nabaritzen da elkarrekin hazi garela, adin oso esanguratsuetan oso elkartuta egon ginen. Gauza asko ikasi eta bizi genituen batera.
Urtarrilaren 5erako zer espero dezakegu?
Intentzioa ondo pasatzea izango da. Oialumen antolatuko duguna ez da gure kontzertua bakarrik izango. Festa bat izango da, gauza ezberdinekin. Etzakiten kontzertuaren barruan sorpresak ere izango dira. Gure ideia garai haietan gurekin zebiltzanak elkartzea da, eta denon artean ondo pasatzea. Orduko festa bat antolatuko dugu.