Iberiar penintsulako oso putzu gutxitan ikusitako burruntzia topatu dute Ave Marian

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 26a, 00:00

Iñaki Mezquita Aranzadiko ikerlariak topatu zuen Orthetrum albistylum espezieko burruntzia, abuztuaren 25ean. Iberiar penintsulan Gipuzkoan bakarrik ikusi den espeziea da, eta aspaldi erregistratu gabe zegoen.

Ave Marian joan den urteko azaroan sortutako urmaelak zeresana ematen jarraitzen du. Albisteak sortzera predestinatuta dagoen burruntzi batek ekarri du gaia erdigunera; Orthetrum albistylum espezieko ar heldu batek, hain zuzen.

Iñaki Mezquita Aranzadiko ikerlariak topatu zuen horren ezohikoa den burruntzia, abuztuaren 25ean egindako esplorazioan. Mezquitak Kronikari aitortu dio «gehiegi espero gabe» iritsi zela Hernanira, baina harrituta bukatu zuen eguna.

Espezie bat topatzen dutenero aipu berri bat erregistratzen dute ikerlariek, eta Txitxi-burruntzi itsas zuriaren (Orthetrum albistylum) aipuak aspaldikoak ziren: «Iberiar penintsula guztian Gipuzkoan bakarrik aurkitu da. Orain arte, pare bat aipu kenduta, Txingudi inguruan ikusi da. Ave Mariako putzuan topatzeak sekulako poza eman zidan, azken urteotan oso aipu gutxi izan baititu espezie honek».

Aipatutakoaz gain, gisa honetako putzu txikietan ikusteko zailak diren beste zenbait espezie topatu zituen Mezquitak. Zerrenda batean bildu zituen ikusitako guztiak (orrialde honetan bertan ikusgai).   

Zer du ba Ave Mariako putzuak?

Batenbatek galdetu dezake ea zergatik den berezia Ave Mariako putzua. Mezquitak argi azaldu du kokapena eta ingurua «oso aproposak» direla espezieen ugalketarako: «Guk animaliak ikusi ahal izateko ehizatzeko eta ugaltzeko lekua behar dute. Hori intsolazio ona dagoen lekuetan izaten da, leku eguzkitsuetan. Ave Marian eguraldi ona dagoenero zoratzen jarriko dira animaliak». Burruntziak ez ezik, tximeleta espezie mordoa ere ikusi zuen abuztuko egun sargorian, «20 espezietik gora!». 

Putzuaren baldintzak are gehiago hobetzeko, ur ertzeko landarediaz hitz egin du Mezquitak: «Gauza bakarra falta du putzuak; inguruko landaretza altuagoa. Baina hori era naturalean konponduko da».

«Funtzio ederra bete dezake»

Herrian bertan horrelako baliabide bat edukitzea «bonbazo» bat da Mezquitarentzat. Ezinbestekotzat jo du herriko jendeak bertako ekosistemak eta biodibertsitatea ikustea eta ezagutzea: «Ave Mariako putzuak oso ondo bete dezake funtzio hori. Ikusgai dago, parke batean, jendea dabilen lekuan... Gertukoa da oso, eta gertukoa izateaz gain, aberatsa da».

 

Ceriagrion tenellum ar heldua.

AVE MARIAN AURKITUTAKO ODONATUEN ZERRENDA

BURRUNTZIAK – ANISOPTERA

Anax imperator
Enperadore haundi

Anax parthenope
Enperadore ilun

Libellula depressa
Burruntzi zapal

Crocothemis erythraea
Burruntzi gorri

Orthetrum albistylum
Txitxi-burruntzi isats zuri

Orthetrum coerulescens
Txitxi-burruntzi papar marradun

Sympetrum fonscolombii
Mariburruntzi zain gorri

Sympetrum striolatum
Mariburruntzi marradun

SORGIN ORRATZAK - ZYGOPTERA

Ischnura graellsii 
Mariorratz iberiar

Ischnura pumilio
Mariorratx txiki

Ceriagrion tenellum
Almandorratz hankagorri

Chalcolestes viridis
Sahatsetako berdeska

AHALEZKO ESPEZIEAK

Sympecma fusca

Coenagrion puella

Pyrrhosoma nymphula

Aeshna cyanea

Aeshna mixta

*Espezie guztien artean Orthetrum albistylum da ezohikoena.

Anax imperator, erruten.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!