Hernaniko Udalak adierazpen instituzionala onartu du Monbar hoteleko atentatuaren 40. urteurrena betetzen denean.
"Inaxio Asteasuinzarra Pagola Beltza herri honetako bizilaguna GALek su armaz erail zuen Baionako Monbar hoteleko tabernan 1985eko irailaren 25ean.
Baionan errefuxiatua zegoela, 1985eko irailaren 24an, haren lagun Agustin Irazustabarrenari, errefuxiatu politikoaren agiria eman zioten. Hori ospatzeko, beste zenbait errefuxiaturekin joan zen Asteasuinzarra Monbar hoteleko tabernara.
Euren atzetik GALeko mertzenarioak sartu ziren, eta errefuxiatuei tiroka hasi ziren. Asteasuinzarrarekin batera, Agustin Irazustabarrena eta Jose Mari Etxaniz hil zituzten eraso horretan; Xabin Etxaide geroago hil zen, zaurien ondorioz, erietxean. Bi egun geroago, protestaldi luzea eta greba orokorra antolatu ziren Gipuzkoan. Hernaniko Udalean, berriz, ezohiko udalbatzan, alderdi guztietako ordezkariek gaitzetsi zuten GALen atentatua.
Atentatuaren ostean, Pierre Frugoli eta Lucien Mattei Marseillako mertzenarioak atxilotu zituen Frantziako Poliziak. Paueko tribunalak bizi guztiko espetxe zigorra ezarri zien biei, eta fiskaltzak Matteiren kondena 18 urte baino gehiagokoa ez izatea aholkatu zuen. Frugolirena, berriz, 20 urtera murriztu zuten 1989an. Ez zen inoiz ikertu tiroketan parte hartu zuten gainerako kideak nor izan ziren.
Bi akusatuek aitortu zuten Espainiako zerbitzu sekretuek errekrutatu zituztela, eta Francis eta Miguel izenak aipatu. Francis izena zeramana Bilboko komisariorde Jose Amedo zela aitortu zuten. Miguel izenari zegokionez, berriz, fiskaltzak uste zuen Michel Dominguez zela, jatorri frantziarreko Espainiako polizia bat, Amedorekin lanean aritutakoa.
Espainiako prozesu judizialaren kasuan, 1991ko martxoan, Monbar hoteleko atentatuarekin lotura zuen Amedoren eta Dominguezen aurkako auzia bertan behera geratu zen froga faltagatik. 1994ko azaroan, Baltasar Garzon epaileak berriz jarri zuen abian auzia, eta Julian Sancristobal Bizkaiko gobernadore zibil eta Espainiako segurtasun idazkari izandakoa, Juan
Alberto Perote zerbitzu sekretuetako zuzendari ohia eta eta Francisco Alvarez brigada antiterroristako buru izandakoa inputatu zituzten. Horiek guztiek euren aurkako akusazioak ukatu zituzten. 2001eko urrian, berriz itxi zuten auzia, behar adina froga ez zegoela argudiatuta.
Inaxio Asteasuinzarra Pagola Beltza-ren hilketak bizitzeko eskubidea urratzen du, giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak jartzen duen moduan.
Giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten pertsona guztiek dute egia, justizia eta erreparazioa lortzeko eta memoriaren parte izateko eskubidea, halaxe ezartzen baitute 2005eko abenduaren 16an Nazio Batuetako Batzar Orokorrak onartutako oinarrizko printzipio eta jarraibideek: “Giza eskubideei buruzko nazioarteko arauen urraketa nabarien eta nazioarteko zuzenbide humanitarioen urraketa larrien biktimek errekurtsoak jarri eta erreparazioak lortzeko duten eskubideari buruzko Oinarrizko Printzipio eta Jarraibideak”.
Horrenbestez, erantzukin instituzional horretatik abiatuta, udal honen borondatea da memoria publikoaren politika bat egitea, eta horren bidez egia, justizia eta erreparazioa lortzeko eta memoriaren parte izateko eskubidea betetzea. Eta hori Inaxio Asteasuinzarra Pagola Beltza-ri egindako aitortzazko adierazpen instituzional honetan gauzatzen da, bere ondare preziatuena
kendu ziotelako: bizitza.
Estatu indarkeriaren ondoriozko giza eskubideen urraketen biktimei buruz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendariak 2008ko ekainaren 24an argitaratutako Txostenean, atentatuetan hildakoen zerrendan jaso zuen Asteasuinzarraren kasua.
Gaur, Inaxio Asteasuinzarra Pagola Beltza-ren erailketaren 40. urteurrenean, aitortzazko adierazpen instituzional indibidualizatu hau egingo dugu. Aipamen berezia egiten diogu bere familiari eta jasan duten sufrimendu gehigarriari. Familiarengana hurbildu nahi dugu erantzukizunez, egiaz eta enpatiaz.
Gure nahia da adierazpen hau ahots politiko guztien adierazle bateratua izatea, Inaxio Asteasuinzarra Pagola Beltza-ri egindako injustiziaren aurrean elkartasun eta gizatasun adierazpen bat izatea, eta, erakunde publiko bezala daukagun erantzukizunetik, aitortza eta erreparazioa lortzeko gogoeta bat izatea.
Eskubideak errespetatuz eta urraketak baztertuz eraiki behar da memoria. Horregatik udal honen nahia eta konpromisoa da lanean jarraitzea hernaniarrok gure antzinako eta iragan hurbileko historiako edozein unetan jasandako urraketa guztiak aitortu eta erreparatzeko.
Iraganak ezin du aitzakia izan bizikidetzaren bidea ez egiteko. Espero dugu jokabide honek bakearen eta giza eskubideen kultura sustatzea, eta oinarri sendoak finkatzea Hernanin bakean eta bizikidetza demokratikoan oinarritutako etorkizuna eraikitzen jarraitzeko".