Sortuk nazio ekitaldia egingo du larunbatean, Iruñeko Anaitasunan

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 24a, 00:00

Autobusa jarriko dute Hernanitik, 15:15etan Atsegindegitik abiatuta. Bihar Baionan izango dira ekitaldiak, Monbar Hoteleko atentatua oroitzeko.

 

Udazkenean mende erdia beteko da 1975ean Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik, baita Franco hil eta Juan Carlos I Borboikoa estatuburu izendatu zutenetik ere. Horren harira, nazio ekitaldia egingo du Sortuk Iruñeko Anaitasunan, irailaren 27an, Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten egun berean: «askapen borroka eta konpromisoa dugu ospatzeko. Helburu horrekin, ‘Askatzera lotuak’ leloarekin egingo dugu nazio ekitaldia».

Sortuk dioenez, fusilamenduek «Euskal Herriaren askatasun egarria itotzeko helburua zuten; baina ez zuten lortu. Francoren heriotzak, berriz, Trantsizio Demokratikoa deituriko transakzio bat baino ez zuen ekarri, guztia lotuta, eta ondo lotuta uzteko xedez. Ezker abertzaleak haustura aldarrikatu zuen orduan, eta gaur ere ezinbestekoa dugu hori. Bide horretan, frankismoak ondo lotuta utzitako korapilo hura askatzeko abagunea dugu, Euskal Herriaren independentziara bidean. Horregatik, Euskal Herriaren nazio izaeraren aitortza eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko baliatuko dugu 50. urteurrena. Francok ondo lotuta utzi nahi izan zituen frankismoaren soka luzeak, tartean Juan Carlos Borboikoa bere oinordeko hautatuz. 50 urte igarota, oraindik soka horiek agerikoak dira Espainiako Estatuko hainbat aparatutan».

Iruñera joateko, autobusa jarri dute Hernanitik, larunbaterako: arratsaldeko 15:15etan aterako da Atsegindegitik, eta Garin tabernan dago apuntatzeko lista. «Egokitzeko gaitasun horri eta milaka militanteren konpromisoari esker, gaur Euskal Herriaren burujabetza mailan koxka bat gora egiteko aukera baten aurrean gaude. Horregatik, ezkerrekoak eta abertzaleak diren herritar guztiei dei egiten diegu data gorde eta bertaratzera».

 

Sahatsa Jauregi artista hernaniarrak urteurrenerako obra bat sortu du

Aurtengoan, soka horri tiraka, Sahatsa Jauregi artista hernaniarrak urteurrenerako propio sortu du obra bat, eta hori du oinarri kartelak. Metala eta sokak uztartu ditu Jauregik.

‘Askatzera lotuak’ leloari tiraka ondo du obra, eta hitz horiek materialaren bidez osatzeko ariketa egin du, mugimenduaren eta idazteko prozesuaren bidez. Hala, objektua ez da pieza trinko bat, moldagarria baizik, eta hainbat forma har ditzake.

 

Duela 40 urte Monbar Hotelean izan zen atentatu odoltsua oroitzeko, ibilbide historikoa eta ekitaldia

Bestetik, bihar 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean atentatu odoltsua egin zuela. Bertan lau euskal iheslari erail eta beste pertsona bat zauritu zituen. Eraildakoen artean Inaxio Asteasuinzarra hernaniarra eta Agustin Irazustabarrena astigartarra zeuden. Horregatik, 40 urtez oroituz ekimenaren sustatzaileek «egindako deialdira joateko deia» luzatu dute.

Ekitaldiak Monbarreko dataren inguruan egingo badituzte ere, 1983tik 1987ra Euskal Herrian izan ziren gertakari larri horiek guztiak oroitu nahi dituzte, erailak izan ziren 27 pertsonak eta haien sendiak. Hori horrela, bihar Memoriaren Ibilbidea egingo dute Baionan, 17:30etan Reduit plazatik abiatuta. Dominika Daguerre eta Jakes Bortayrou baionarrek GALek Baiona Ttipian eginiko atentatuen ibilbidea eta historia azalduko dute, argazkiak erabiliz. Ekitaldi nagusia Baiona Ttipiko Pannecau karrikaren 24ean izango da, Hotel Monbar zegoen lekuan, 19:00etan.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!