Atzo eta gaur, faxismoaren aurka

Jon Zumalabe Irastorza 2025ko ira. 24a, 00:00

Jon Zumalabe Irastorza

Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistako kidea

Iraileko udazken haizeak odol usaina du gurean. Txiki, Otaegi eta FRAPeko hirurak oroitzen baititugu.

Frankismoaren azken hatsetan gauzatutako erailketa hauek, ederki erakusten dute erregimen haren nolakotasuna. Askatasunaren aldeko militanteak exekutatu zituzten, klaserik eta zapalkuntzarik gabeko gizarte baten aldeko borrokalariak.

Milaka izan dira sozialismoaren alde, Euskal Herriaren askatasunaren alde eta frankismoaren aurka borrokatu diren militanteak, eta haiek omentzea komunistentzat lehen mailako zeregina da. 78ko erregimena frankismoaren jarraitasunean eratu den erregimena da eta oraindik ere burgesiaren boterearen berme izaten jarraitzen du borondate nazionalak ukatuz eta zapalkuntzak betikotuz.

Hortaz, erregimen horren aurrean langileon haustura politikoa aldarrikatzea dagokigu. Faxismoa, iraganeko kontua izatetik urrun, geroz eta indar handiagoa hartzen ari da gurean, eta PSOEren Gobernuari babesa ematea antifaxismoarekin berdintzeak jarrera antifaxistak nabarmen ahultzen ditu. Espainiako Estatuak nazioen autodeterminazioaren erabat kontrakoa izaten jarraitzen du, eta EAJ, EH Bildu eta PSOE adosten ari diren estatutu berria iruzur autonomiko berri bat besterik ez da.

Memoria ez da oroitze hutsa, memoria borrokan eraiki beharra dago ihartzen hasiak diren larrosek berezko duten kolore gorria berreskura dezaten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!