Argazki lehiaketa antolatu du Hernani Burujabek

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 23a, 00:00

Bioaniztasuna, moneta, telekomunikazioak, elikadura, zaintza, energia, eta etxebizitza sektoreetan oinarritutakoak bidali beharko dira.

 

Hernani Burujabek argazki lehiaketa antolatu du, urriaren 25ean egingo den Burujabetzen egunean izango den erakusketan argazkiak plazaratzeko. Lehiaketan parte hartzeko, etxebizitza, energia, elikadura, zaintza, moneta, bioaniztasuna eta telekomunikazioak sektore ekonomiko horien inguruko argazkia bidali beharko da, helbide elektroniko honetara: bidea@hernaniburujabe.eus.

Argazkiak bidaltzeko epea zabaldu da urriaren 19ra arte, azken egun hori barne. Aipatutako zazpi sektoreekin lotura duten argazkiak izan behar dute. Egilearen izen-abizenak eta argazkiaren deskribapen laburra ere idatzi beharko dira, baita ere ea aurrerantzean bidalitako argazkiak erabiltzeko baimena ematen diezuen Hernani Burujabeko elkarteei.

Egun osoko egitaraua izango du urriaren 25eko Burujabetzen egunak: Hernaniko eragileen azoka, bertso-bazkaria, elektrotxaranga... Goizean, azoka martxan dela egin nahi dute argazki erakusketa eta sari banaketa Plaza Berrin egingo da 13:30etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!