Las Abellesen aurkako garaipenarekin hasi du Hernanik Ohorezko Elite Maila

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 23a, 00:00

Hernanik bikain hasi du aurtengo denboraldia. Argazkia: Iñigo Arizkorreta.

27-17 irabazi dute trikoloreek Landaren denboraldiko lehenengo partidua.

 

Hernanik garaipen garrantzitsu batekin estreinatu du Ohorezko Elite Maila. Kategoria berria sortu berri du Espainiako Federazioak hamaika talderekin, Ohorezko Mailaren azpitik, eta hernaniarrek 27-17 lortu zuten garaipena Les Abelles talde valentziarraren kontra. 

Landaren jokatu zen partidua igande eguerdian eta aurkaria ez zen nolanahikoa. Les Abelles Ohorezko Maila galdu berri duen taldea da eta lau puntu eskuratzea benetan da aipagarria hernaniarren mesedetan.

Denboraldiari begira indar haundia emango duen garaipen horietakoa izan zen Landaren bizitakoa. Partiduaren lehenengo zatia berdindua izan zen eta ez zen entsegurik ikusi zelaian. Markagailua bi aldiz mugitu zen Beñat Arizetak lortutako bi zigor kolperi esker 17garren eta 37garren minutuan. Hernanik gehiago jokatu zuen aurkariaren zelaian eta horrek saria izan zuen atsedenaldira iritsitakoan. 

Bigarren zatian, nekearen ondorioz, gehiago ireki zen partidua. Hernanik lortu zuen abantaila areagotzea denboraldiko lehenengo entseguari esker. Infante pilierrak lortu zuen eta 11-0 igo zen markagailura 44garren minutuan. Hala ere azkar erreakzionatu zuen Les Abellesek eta bi entsegu eta gauzatze baten ondorioz aurretik jarri ziren valentziarrak 11-12, 52garren minutuan.

Hernanik ez zuen etsi eta Lukasen entsegua eta Elosegiren gauzatzea eta gero berriz ere aurrea hartu zuten markagailuan, 18-12. Partidua oso parekatuta geratu zen 20 minuturen faltan 18-17, eta Hernanik partidua erabaki zuen hiru zigor kolperi esker (21-17, 24-17 eta 27-17). Anartz Elosegik lortu zituen Hernaniren presioaren ondorioz. Merezitako garaipena lortu zuten trikoloreek.

 

FITXA

Hernani: Infante, Zapiain, Etxarri; Larrarte, Iradi; Balenciaga, Eizmendi, Lukas; Miner, Elosegi, González, Arizeta, Burugain, Rivas eta Olea. Aulkitik Goikoetxea, Unzue, Arrillaga, Ibabe, Diaz de Mendibil, Lazzarotto, Olivenza eta Arrozpide.

Les Abelles: Bakhtaoui, Bermejo, Odendaal; Navarro, Matei; Sidan, Trejo, Ortega; Raimundi, Martínez, Genovés, Burke, Porta, Topa eta Martín. Aulkitik Martinez, Ferrer, Masia, Alvarez, Terol eta Morcillo.

Markagailua: Min. 17: Zigor kolpea Arizeta (3-0). Min. 37: Zigor kolpea Arizeta (6-0). Min. 44: Entsegua Infante (11-0). Min. 48: Entsegua Genoves (11-5). Min. 51: Entsegua Burke, gauzatzea Martinez (11-12). Min. 55: Entsegua Lukas, gauzatzea Elosegi (18-12). Min. 60: Entsegua Genoves (18-17). Min. 65: Zigor kolpea Elosegi (21-17). Min. 67: Zigor kolpea Elosegi (24-17). Min. 80: Zigor kolpea Elosegi (27-17).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!