'Urpekaritzako Bataioa'n izena emateko aukera herritarrek, gaurtik

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 22a, 00:00

Hilaren 28ra arte izango dute apuntatzeko aukera; helduek kiroldegian eta nerabeek Gaztelekuan.

Hernaniko Hegatzurpekaritza klubak 'Urpekaritza Bataoia' antolatu du urriaren 4rako. Ekintza hau, II. Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zinemaldiaren Jardunaldiak baliatuta eta Hernaniko Udalaren laguntzarekin, «Hernaniko herritarrak mundu zoragarri honetara hurbiltzeko» asmoarekin antolatu dutela jakinarazi dute klubekoek. Bataioaren helburua, lehenengo urperaketak «modu seguruan» egiten ikastea omen dela diote, eta horretarako, buzeorako oinarrizko kontzeptuak irakatsiko dituzte, adibidez, ur azpian arnasketak lasai egiten. 

Urriaren 4an ospatuko dute ekintza, Hernaniko kiroldegiko igerilekuan, eta antolatzaileek azpimarratu dute doakoa dela. Bi txandetan banatuko dituzte saioak; batetik, nerabeekin arratsaldeko 16:30etan hasita; eta bestetik, helduekin 17:30etan hasita. 

 

Gaurtik aurrera, izena emateko aukera

Interesa duenak, gaurtik hilaren 28ra bitartean izango du izena emateko aukera. Nerabeen kasuan, 12 eta 17 urte bitartekoek, Gaztelekuan izango dute apuntatzeko aukera; eta helduek, berriz, kiroldegian. Antolatzaileek jakinarazi dute talde bakoitzean, gehienez ere, 13 pertsonentzako tokia egongo dela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!