Gipuzkoako Foru Aldundiak ekainean iragarri bezala, aurrera doa Galarreta eta Errekalde elkartuko dituen bidegorriaren proiektua. Hasiera batean jakinarazi zuten proiektuaren azken zatia gauzatzeko Hernaniko Udalarekin elkarlanean arituko zirela, eta ostiralean sinatu zuten lankidetza hitzarmena.
Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak eta Felix Urkola Bide Azpiegituren diputatuak irudikatu zuten elkarlanerako tratua. Hitzarmena sinatuta, Galarretako obrak batera finantzatzeko eta modu koordinatuan gauzatzeko konpromisoa hartu zuten.
Zehazki, Galarretatik Ekoguneko irteeraren aurretik dagoen zerrategirainoko bidea eraberritu beharko du Udalak, eta hori finantzatzeko 188.570 euro jarriko ditu Aldundiak. Lanak amaitzen direnean, foru titulartasunekoa izango da bidea; hortaz, Bide Azpiegituren sailari dagokio kudeaketa eta mantenimentua.
Ohar baten bidez, Xabier Lertxundik hitzarmenaren garrantzia nabarmendu zuen: «Esku hartze hau oso garrantzitsua da Galarreta leku estrategikoa delako industriaren eta teknologiaren garapenerako eta mugikortasun jasangarrian eragina izango duelako. Horregatik, balioa ematen diogu bi erakundeek elkarlanerako hartutako konpromisoari».
Urrian hasiko dituzte lanak
Obren lehenengo fasea urrian hasiko dela aurreikusten da. Horretarako, 4.651.572 euroko aurrekontua onartu zuen Aldundiak. Dena ondo bidean, obrak hasi eta 15 hilabetetara amaituta egongo dira.