Urriaren 3an eta urriaren 10ean emakumeei eta genero disidenteei zuzendutako bi bertsolaritza saio eskainiko dira Hernaniko Bertso Eskolan. Eli Pagola izango da irakaslea, eta edonork hartu dezake parte: «Saio hauen bidez, epaile, antolatzaile, bertsolari edo gai jartzaile lanerako tentatuta dauden emakume eta disidenteak elkartu, trebatu eta nolako plazak izan nahi ditugun pentsatu nahi dugu.
Hasiera batean, bi saio izango ditu tailerrak, biak arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, Hernaniko Bertso Eskolan (Larramendi kalea, 11). Parte hartu nahi dutenek https://www.bertsozale.eus/eu/gipuzkoa/gipuzkoako-herriartekoa-trebatze-saioa estekan eman behar dute izena.
Herriartekoa prestatzen
hasteko aitzakia
Trebaketa saio hauen sorrera Gipuzkoako Herriarteko Txapelketak ekarri du. Izan ere, 2026an jokatuko da Herriartekoa, eta hori aitzakia modura hartuta, bailarako jendea aktibatzeko asmoa dago. Hala ere, tailerrean parte hartzeko ez da beharrezkoa Herriarteko Txapelketara aurkeztea.
Herriartekoari buruzko
bilera irekia, bihar
2026an jokatuko da Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Edizio berriaren berezitasuna da lehenengo fasea eskualdeka jokatuko dela; Buruntzaldea mailan, alegia. Gaia lantzeko bilera irekia deitu du Hernaniko Bertso Eskolak. Bihar egingo dute bilera, 17:30etan, Biterin. Interesa duen oro azaldu daiteke.