Haur eta Lehen Hezkuntza ikastetxe publikoen eraikinetan hobekuntzak egiteko baliatu du udara Hernaniko Udalak. Haur Eskolan, Elizatxon, Langilen (3 eraikinetan) eta Urumean egin dituzte obrak, eta 495.000 euro bideratuko ditu azpiegitura horien mantentze lanetara.
Hobekuntza gehienak mantentze lanekin lotutakoak dira, baina zenbait berrikuntza ere egin dituzte eraikinetan. Elizatxon, esaterako, aterpean egoteko gune lasaia sortu dute, eta eraikin berriko goiko solairuetan toldoak jarri dituzte.
Urumean oraindik ez dituzte lanak erabat bukatu. Eraikin osoko argiztapena aldatzen ari dira, eta aurreikuspena da abenduan amaitzea.