Atzoko erremonte partiduen eta dantza emanaldiaren ondoren, jardueraz betetako bi egun dituzte aurretik hernaniarrek, tradizioa, euskal nortasuna eta festa giroa ondo uztartuta.
Tilosetan eta Kaxkoan egingo dira gaur goizeko jarduera guztiak. Goizeko 10:00etatik aurrera urteroko ganadu feria jarriko dute Tilosetan, Hernani inguruko baserrietako abereekin. Barazki posturen bat ere jarriko dute salerosketa zuzena egiteko.
Musikarekin lotutako zenbait jarduerak ere alaituko dituzte Hernaniko kaleak goizean zehar. Buruhaundien eta erraldoien kalejira eta Bandaren kontzertua izango dira, besteak beste.
Bertsoak, Zuttik eta Errobi, larunbata borobiltzeko
Kaxkotik pixka bat aldenduta, 18:00etan hasiko da Biteri kanpoaldeko bertso jaialdia. Ondoren, San Joanetan egin bezala, Hernaniko Zuttik elektrotxarangak girotuko ditu kaleak, eta gaurkoan ere giro paregabea espero da arratsalde-iluntze parte horretan.
Eguna amaitzeko, 22:30ak aldera, bi euskal ahots historiko entzuteko aukera izango da Atsegindegin; Anje Duhalderen eta Mixel Ducauren Errobi taldeak kontzertua eskainiko baitu bertan.
Sagardoak ezin zuen falta
Euskal Jaiak bihar izango du jarraipena. Dianaren eta Artisau Azokaren ondoren, eguerdiko sagardo dastaketan bilduko da jende gehien. Jarraian, 12:00etan, trikitixa jaialdiaz gozatzeko aukera izango da Gudarien plazan, eta pelota partiduak jokatuko dituzte Tilosetan.
Arratsaldean jarduera bakarra izango da egitaraua borobiltzeko: Tio Teronen semeen Haurreskolari emanaldia.
|
EUSKAL JAIAK
|