DJ Andonik jarritako erritmoarekin amaitu zuten atzoko eguna Karabelgo auzotarrek, eta gaurtik biharrera, jarraipena izango dute auzoko jaiek, Belkara elkarteko kideek prestatutako egitarau oparoarekin.
Goizeko 10:00ak aldera irtengo da diana auzoa esnatzera, eta bizilagun guztiak kalera irteten direnean hasiko dira lehenengo bi jarduerak; haurrek amesten duten horretan bihurtzeko aukera izango dute aurpegi margoketarekin, eta helduak bolo txapelketan arituko dira.
Tripazorriak iritsi aurretik, 12:00ak aldera, lehiaketa gastronomikoek hartuko dute tartea. Bi modalitetan lehiatuko dira Karabeleko bizilagunak, patata tortillak edota bizkotxoak prestatuta. Batenbat dastaketara garaiz iristen ez bada, lasai; paella punttu punttuan egongo baita bazkalordurako!
Jolasek markatuko dute arratsaldea
Tripak ondo beteta, jolasek emango diote jarraipena festa giroari. Hutsik egiten ez duen jarduera bat izango da bazkalostean: bingoa. Zoriaren esku badago ere, ikusgarria izaten da jendeak nola bizitzen duen ikustea.
Haurrek ere ondo pasako dute bazkalostean. Eurei zuzendutako jarduera asko izango dituzte, Apaxiren emanalditik hasita. 17:00etan, apar festa egingo dute tirolinaren parkean, 18:00etan txokolatada izango da eta 19:00etan arrautzen jokoa.
Orduak aurrera joan ahala, ordea, serio jarriko dira kontuak Karabelen. Radio Rebelde taldearen kontzertua izango da lehenik, zezen suzkoarekin jarraituko dute, eta disko festarekin luzatuko dute gaua.
Azken traka, igande goizerako
Lehenengo bi egunak pasata indar pixka bat geratzen zaien horiek igande goizeko azken trakarekin gozatuko dute. Iruñeko Suzko konpartsa ibiliko da Karabelen barrena, Hernaniko erraldoi eta buruhaundien laguntzarekin.
Kalejira amaitzen denean, 12:00ak aldera, sagardo dastaketa eta toka txapelketa hasiko dituzte. Horiek izango dira aurtengo jaietako azken jarduera jendetsuak. Hori baliatuta, 13:30etan sarien zozketa egingo dute bertan, eta lan guztiak ondo beteta, 14:00ak aldera, azken trakarekin emango diete amaiera Karabelgo festei.
|
KARABELGO JAIAK
|