Iritsi dira partidu erabakigarriak Galarretara. Gaurko jaialdian jokatuko dituzte Buruz Buruko Txapelketako eta Oriamendi Txapelketako finalaurrekoak, 15:15etatik aurrera.
Urteko txapelketarik garrantzitsuena da Buruz Burukoa, eta finalean zain dago jada Endika Barrenetxea hernaniarra. Gaur bertan jakingo du zein izango duen aurkari irailaren 27an: Ansa II.a edo Juanenea.
Hain justu, pasa den asteburuan jokatu zuten Ansak eta Juaneneak ligaxkako azken partidua. Urnietarrak azken momentuan erabaki zuen jokatzea, eta partidua berdindua izan zen arren, Saldiaskoak lortu zuen garaipena (28-30). Oraingoan, ordea, hutsetik hasiko dira berriro. Astebete izan du Ansak sasoia berreskuratzeko, eta dagoeneko erakutsi du sasoi betean egon gabe ere irabazteko gai dela. Juanenea bere aukerak baliatzen saiatuko da kantxan, jokoari abiadura emanez. Gaurkoan ez da matematiken beharrik: irabazten duena sailkatuko da final haundira.
Oriamendi Txapelketako finalaren atarian dago Apezetxea
Oriamendi Txapelketari dagokionez, Apezetxea izango da bailarako ordezkari bakarra gaurko finalaurrekoan. Gurrutxagarekin batera, Jabaleraren eta Eskuderoren aurka jokatuko du goizuetarrak.
Aurreko asteburuan erakustaldia eman zuten Gurrutxagak eta Apezetxeak, eta nagusitasun haundiarekin eskuratu zuten sailkapena. Oraingoan konfiantza hori baliatu nahi dute urrats bat gehiago emateko. Aurrean, ordea, bikote potentea izango dute, erraz menperatzen ez den horietakoa.
Gaurko irabazleak Goikoetxea V-Aiestaran VI bikote sendoaren aurka jokatu beharko du final haundian.
Zubiri arituko da jaialdiko lehenengo partiduan
Gaurko jaialdia 15:15etan hasiko da, eta hiru partidu izango ditu. Lehenengoan esperientzia haundiko bi bikotek jokatuko dute: Ezkurra II-Zubiri bikotea Goikoetxea V-Azpiroz bikotearen kontra arituko da. Buruz Buruko partidua izango da bigarrena eta Oriamendi Txapelketako finalaurrekoarekin amaituko da jaialdia.