Hernanik bihar emango dio hasiera, zirrara bereziko denboraldiari

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 20a, 00:00

Lehia bizikoa izango da trikoloreen denboraldia, hasiera-hasieratik.

Les Abelles hartuko dute trikoloreek Landaren, 12:00etan, Ohorezko Elite Mailari hasiera emateko.

 

Akabo partidu errazak eta ezustekorik gabe irabazi beharreko partiduak. Iazko igoera fasea bailitzan hasiko dute denboraldi berria Hernaniko mutilek, Espainiako errugbi sistema berregituratu dutela eta. Izan ere, Ohorezko Elite Maila sortu berrian jokatuko dute trikoloreek, oso maila haundia izango duen ligan: bertan ariko dira orain arteko Ohorezko B Mailako onenak, eta Ohorezko A Maila gorenetik jaitsi diren bi taldeak.

Zozketak erabaki du, gainera, liga hasiera are gogorragoa izango dela hernaniarrentzat. Hain juxtu, Ohorezko A Mailatik jaitsi diren bi taldeen kontra ekingo dio denboraldiari. Baina traba guztiak gainditzeko izaten da makulurik, eta onena topatuko dute trikoloreek: etxeko zaleen aurrean jokatuko dute estreinakoa bihar, eguerdiko 12:00etan Landaren, Les Abelles valentziarraren kontra.

18 jardunaldiko ligaren aurrenekoa izango da, eta gogotsu helduko dio Hernanik. Liga «oso berdindua» espero du Patrick Polidori entrenatzaileak, eta aurreikusi du asko izango direla partidu gogorrak. Horrek dakar berekin, era berean, formatu berria oso erakargarria izatea zaleentzat, ez baita izango aurreko denboraldietako partidu desorekaturik. Lehia bizia izango da partidu gehien-gehienetan. Gauzak horrela, exijentziak koxka pare bat egingo du gora jokalarientzat hasieratik, baina haundiagoak izango dira motibazioa eta hobetzeko aukera ere.

Horrekin, aurreneko puntuak pilatu nahi dituzte trikoloreek, iaz maila gorenean ari zen talde valentziarrari hortzak erakutsita. Beste jaitsi berriari egingo diote bisita datorren asteburuan, CRC Pozuelori. Partidu gogorrak biak ere, baina abiapuntu ederra ortzimuga argitzen hasteko: non kokatu ote dezake bere burua Hernanik, liga berri honetan?

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!