Ikasturte bereziari ekingo dio gaur Gaztelekuak

Kronika - Erredakzioa 2025eko irailaren 18a

Hernaniko Gaztelekua.

Irekiera festarekin hasiko dute ikasturtea, eta urtarriletik aurrera hausnarketa prozesua jarriko dute martxan.

Udako oporraldiaren ondoren, gaur arratsaldean zabalduko ditu ateak Hernaniko Gaztelekuak. Ikasturte polita dute aurretik bertako hezitzaileek eta nerabeek, hausnarketa prozesua jarriko baitute martxan urtarriletik aurrera.

Hori baino lehenago, ordea, jarduera ugari prestatu dituzte urtea amaitu arte. Lehenengoa gaur arratsaldeko festa izango da; 16:30etan hasiko da eta jolas ezberdinak probatuko dituzte bertan.

Orain arte programatuta dauden jarduera guztiak ikusgai daude hernani.eus/gaztelekua webgunean. Jardueretan parte hartzeko izenemate orria ere bertan topatu daiteke.

 

Urtarrila, mugarri

Egungo eskaintza hobetzeko, hausnarketa prozesuari ekingo diote urte berriarekin batera. Herriko nerabeek parte hartzeko aukera izango dute, eta Gaztelekuan berrikuntzak eskaintzea izango da helburua: «Hainbat gai jorratuko dira, besteak beste, aisialdi eskaintzaren ezaugarriak, egungo aisialdi eredua, nerabeen beharrak...», azaldu dute Udaletik.

Prozesua hasten denean Gaztelekuko eskaintza pixka bat murriztuko den arren, aurreikusten da egongo dela nerabeei bideratutako eskaintza: «Hausnarketa nerabeekin batera egingo dugunez, balioa emango diegu haiek egiten dituzten proposamenei».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!