Garai bateko bizimoduaren lagin bat erakutsiko dute biharko antzinako jolasetan

Kronika - Erredakzioa 2025eko irailaren 18a

Suiladunen lasterra, iaz.

Herriko haurrek eta gazteek zenbait proba egin beharko dituzte.
Euskal Jaietako egitarauaren bereizgarrietako bat izaten da.

Zirrindola lasterra, suiladunen lasterra eskalapoiekin, arropa garbitzea... Horrela esanda, ez dirudi herriko gazteak bihar goizean jolasean arituko direnik. Garai bateko bizimodua nolakoa zen ezagutzeko aukera izango da Tilosetan, antzinako jolasen bitartez.

Herriko haurrak arituko dira lehenengo txandan, eta gazteek hartuko dute lekukoa ondoren. Egin beharreko proba gehienek garaiko bizimoduarekin lotura zuzena dute, eta guztien artean 'Suiladunen lasterra' nabarmendu dute antolatzaileek: «Aspaldian Suilak (gazteleraz herrada) ura garraiatzeko erabiltzen ziren. Hernaniko kasuan, ohikoa zen Leokatik herriko etxetara ura eramateko ontzi hauen erabilpena. Proba honetan suilak urez beteta buruan jarri eta finkatutako ibilbidean ahal den azkarren aritu behar da. Horrelako lasterra 1909. urtean Hernaniko Euskal jaietan ospatu zen lehenengo aldiz, eta geroztik joko hau ohikoa bihurtu zen. Guda aurreko urte haietan eta San Juan jaietan egiten zen».

Gaztain eta sagar bilketarekin lotutako jolasak ere egingo dituzte. 11:00etan hasiko dira probak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!