Pentsiodunek manifestazioa deitu dute larunbat honetarako

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 18a, 00:00

Hernaniko Pentsiodunek bat egin dute deialdiekin.

Donostiako Boulevardetik abiatuko da manifestazioa, 12:00etan. Legebiltzarraren aurrean ere elkartuko dira hilaren 25ean.

 

Herri Ekimen Legegilearen aurrean EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiek izandako jarrerarekin «oso haserre» agertu dira pentsiodunak. «Bi talde politikoek gure proposamena eztabaidatzeari emandako ezezkoa dela eta, manifestazioak egingo ditugu zenbait hiriburutan», azaldu dute. 

Larunbat honetan Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo dituzte manifestazioak. Donostiakoa eguerdiko 12:00etan abiatuko da Boulevardetik 'Betorik Ez! HEL aurrera!' lelopean. Horrez gain, hilaren 25ean elkarretaratze bateratua egingo dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren atarian. 

Hernaniko Pentsiodunen taldetik bi mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute. Gasteizeko kontzentraziora joateko autobus bat antolatzen ari dira, eta joateko interesa duenak datorren astelehenean (irailak 22, 12:00) Gudarien plazan eman dezake izena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!