Dagoeneko salgai daude urrian zehar Biterin egingo diren kultur ekitaldietarako sarrerak

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 18a, 00:00

Renata antzezlana da urriko eskaintzetako bat.

Guztira lau jarduera antolatu ditu Kultura sailak: bi antzerki saio, musika emanaldi bat eta zinema saio bat. 

 

Antzerki emanaldiak, musika ikuskizunak edota zinema saioak. Askotariko kultur eskaintza izango da urrian Biteri Kultur Etxean, eta dagoeneko salgai daude horietara joateko sarrerak.

Biteriko leihatilan eta kultura.hernani.eus estekaren bidez eskuratu daitezke sarrera guztiak.

URRIAK 2 - Zinekluba

Pello Gutierrezen Erreplika filma ikusteko aukera izango da urriko saioan, Zikuñagako Ama Birjinaren desagertzea abiapuntu duen istorioa. Proiekzioa amaitzen denean, Gutierrezekin solasaldi txiki bat egingo dute bertaratutako ikusleek. Urrirako ez ezik, Zineklubeko urteko bonoa erosteko aukera dago jada, 8 euroren truke.

Urriak 16 - Renata

Umorea eta distopia nahasten dituen antzezlana da Renata, Kamikaz kolektiboak ekoitzia. Xanti Agirrezabala, Iraia Elias, Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola dira aktoreak. Kasu honetan ere 8 euro ordaindu behar dira sarrerako. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da.

Urriak 25 - Semaforoa

Etxeko txikientzat prestatutako antzerki saioa izango da hilaren 25ean. Lau urtetik gorako haurrei zuzendutako lana da Semaforoa, Logela Multimediak sortua. Sarrera bakoitzak 3,5 euroko prezioa du. Eguerdiko 12:00etan hasiko da funtzioa, Biteriko aretoan.

Urriak 30 - Bidasoatik Harago

Xabi Solanok eta Jon Garmendia Txuriyak sortutako musika emanaldia da. Jendaurreko lehenengo emanaldia izango da Hernanikoa. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta sarrerak 8 euroan daude salgai.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!