Zinekluba egitasmoak martxa hartzeko, bihar 'Enarak' dokumentalaren aurkezpena egingo dute Biterin, arratsaldeko 19:00etan hasita. Zuzendaria Beñat Iturrioz hernaniarra da, eta dokumental honek 1967an kokatzen du ikuslea, diktadura frankista garaian, hain zuzen.
Hona hemen dokumentalaren sinopsia: «Askatasun egarri ziren seminarista batzuek Enarak taldea sortu zuten. Garaiko jendartean oraindik arrotzak ziren pop, rock eta psikodelia estiloak jotzen zituzten, euskara hutsean. Ehundaka kontzertu eman ondoren, 1971an misteriotsuki desagertu ziren, betirako. 50 urte ondoren, abeslariaren semea, Beñat, taldearen aztarnen bila abiatuko da, ornitologia, collage-a eta bilaketa eszentriko bat nahasten dituen labirinto filmiko batean murgilduz».
Sarrerak 3 euro balio du, eta eskuragarri daude kultur.hernani.eus atarian, edota Biteriko leihatilan.
Dagoeneko saio dexente daramatza Hernaniko Zineklubak, eta Biteriko aretoan giro ederra sortu ohi du.