Euskal kulturarekin lotutako jarduerek hartuko dituzte Hernaniko kaleak asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 16a, 00:00

Egitarau oparoa prestatu dute herriko eragile askoren artean Euskal Jaiak ospatzeko. Ostiralean hasiko dira jarduerak, eta larunbat luze baten ondoren, igande arratsaldera arte luzatuko da festa giroa.

 

Asteburua mugimendu haundikoa izango da Hernanin. Euskal Jaiak ospatuko dira ostiraletik igandera, euskal kulturarekin eta tradizioarekin lotutako jarduera askorekin. 

Ostiralean, motorrak pixkanaka berotzen joateko, bi jarduera izango dira: arratsaldeko 19:00etan erremonte partiduak jokatuko dituzte kiroldegiko pelotalekuan, eta ordu berean dantza eta musika emanaldia eskainiko dute Gudarien plazan. 

Jarduera gehienak larunbatean izango dira. 10:00etatik aurrera inguruko baserrietako abereak ikusteko aukera izango da Tilosetan. Ondorengo orduetan zehar erraldoien kalejira, ardi manexua, herri kirolak edota antzinako jolasak izango dira Kaxkoan, eta ohiko txakolin dastaketarekin jarraitzeko aukera izango da eguerdian.

Arratsaldean bertso jaialdia egingo dute 18:00etan Biteri kanpoaldean, eta 19:30etatik aurrera Kaxkoko kaleetan dabiltzan herritarrek Zuttiken erritmora dantzatuko dute. Eguneko azken jarduera Errobi taldearen kontzertua izango da. 

Igande goizerako artisau azok, sagardo dastaketa eta trikitixa jaialdia geratuko dira, besteak beste. Arratsaldean, berriz, Tio Teronen semeen 'Haurreskolari' dantza emanaldia izango da Tilosetan.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!