Zelatungo erromeriaz gozatzeko, gaztetxoen irteera igande honetan

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 15a, 00:00

Iraileko igande guztietan izaten da erromeria Zelatunen. Argazkia: Tolosaldea Turismoa

Erniora egingo du irteera Mendiriz Mendik, igandean. Goizeko 08:00etan hartuko dute autobusa Atsegindegin.

Erromeria garaia da Zelatunen, Ernio mendiaren magaleko soroetan. Urtero bezala, iraileko igande guztietan izango da erromeria bertan; eta urtero bezala, hutsik egin gabe, gaztetxoekin egiteko irteera antolatu du Mendiriz Mendik, Zelatungo erromeriaz gozatzeko.

Datorren iganderako jarri du­te zita, irailaren 21erako. Goizeko 08:00etan elkartuko dira Atsegindegin, eta autobusean joango dira Bidaniako mendatera. Bertatik abiatuko dira oinez, erritmo lasaiean, Ernioren atzeko aldetik, tontorrera iritsi arte. Azkeneko zatia igo aurretik, nahi duenak aukera izango du beste ohitura zahar bati heltzeko: burdinezko eraztunak gorputzetik pasatzekoa. «Usadioak dioenez, ona omen da artritisarentzako eta hezurrentzako», azaldu dute elkarteko kideek.

Gailurrera iritsi ondoren, Zelatungo soroetara jaitsiko dira, eta tarte luze batez gozatuko dute bertan sortzen den giroaz. Ondo­ren, abiapuntura jaitsiko dira, bu­eltako autobusa hartzeko, egu­erdi partean. Izan ere, egun erdikoa da antolatu duten irteera.
 

Izenematea, ostiralera bitarte

Irteeran parte hartu nahi duenak, aldez aurretik eman behar du izena. Horretarako, Mendiriz Mendiren lokaletik (Iturregi plaza) pasa behar da: gaur, ostegunean edo ostiralean, iluntzeko 20:00etatik 21:00etara. Prezioa 6 eurokoa da helduen kasuan, eta 2 eurokoa gaztetxoentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!