Hasi da futbol denboraldia Urumea bailaran, baita ondo hasi ere. Talde gehien-gehienek datorren asteburuan jokatuko dute ligako estreinako partidua, baina dagoeneko hiru punturekin dira Ohorezko Erregional Mailako mutil hernaniarrak: 4-1 menderatu zuten Zumaiako, larunbat arratsaldean Zubipen.
Liga hasiera gutxitan izaten da erosoa, eta ez zen erraza izan Hernanirentzat ere, markagailuak kontrakoa pentsarazten duen arren. Berdeek majo kostata lortu zuten garaipena, azkeneko minutuetan lortu baitzituzten partidua erabakita uzteko bi golak.
Oso trabatua eta gol aukera gutxikoa izan zen partiduaren hasiera. Deseroso aritu ziren bi taldeak, jokaldi politak lotu ezinik. Egoera horretan, hegaletatik saiatu zen jokoa bideratzen Hernani, eta horrela iritsi zen aurreneko gola, jokaldi azkar batean: Asier Gonzalezek ezker hegalera zabaldu Aitor Amondarainentzat, honek pasea arearen erdira, eta Josu Labartak atzetik iritsita gola, 38garren minutuan.
Gauzak okertu egin zitzaizkion Hernaniri atsedenetik bueltan, penalti bati esker berdindu baitzuten zumaiarrek 57an. Baina berehala eman zioten buelta egoerari, eta 63an taldea aurretik jarri zuen berriro Eneko Grinchek, atsedenaldian Asier Gonzalezen ordez zelairatuta. 20 minutuko urduritasunaren ondoren, beste ordezko bat izan zen taldeari lasaitasuna eman ziona: penaltiz lortu zuen 3-1ekoa Ander Ruizek, 84an. Eta handik hiru minutura, partidua guztiz erabakita utzi zuen Ibai Zubeldiak, 4-1ekoa eginda.
Sailkapenaren gorenean kokatuta, datorren larunbatean Bergararen kontra jokatuko du Hernanik, 16:30etan Agorrosin zelaian. Eta egun eta ordu berean egingo du debuta nesken Euskal Ligako taldeak: Azkoitiko Txerloian ariko da Hernani, Anaitasunaren kontra.