Bigarren edizioa izango du Cimasub nazioarteko itsaspeko zinema zikloak, Hernanin. Bihar bertan emango diote hasiera, Biteri kultur etxean, bi hitzordurekin. Batetik, 'Leiho bat ozeanoko altxorrei' argazki erakusketa inauguratuko dute, irailaren 30era bitarte ikusgai egongo dena. Astelehenetik ostiralera izango da erakusketa bisitatzeko aukera, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 19:00etara; eta bertan jarriko dituzte Cimasub lehiaketara aurkeztutako 24 argazki onenak.
Eta bestetik, bihar eskainiko dute aurtengo zikloaren aurreneko emanaldia. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da, eta lau film labur eta dokumental bat jarriko dituzte. Doakoa da sarrera.
Honakoak dira eskainiko dituzten lau film laburrak: Shark man-The depths within, Peter Loesek Polinesia Frantseseko itsaspean grabatutakoa; Kallaikoi-El mar de las meigas, Jorge Martinez Vazquezek Galizian osatutakoa; Metropolis-A day in Reef City, Luca Kellerrena, Indonesian, Maldivetan eta Timorren; eta Nadar con fantasmas, Damian Ramos Diazek Kanariar Uharteetan egindakoa. Ondoren, Telmo Iragorriren eta Manuel Coronadoren Urak Lawoi, brothers of the sea dokumentala jarriko dute, Thailandian kokatutakoa.
Hurrengo bi astearteetan ere izango da itsaspeko zinemaz gozatzeko aukera, arratsaldeko 19:00etatik aurrera Biterin. Irailaren 23an eskainiko dituzte sei film labur eta Herrero Massieuren Islas Canarias, arrecifes de lava dokumentala. Eta hilaren 30ean, zikloa bukatzeko, ikusgai izango dira beste bost film labur eta Felipe Ravinaren eta Jose Hernandezen Nika, el calderón tropical dokumentala.