ASVIAMIEk (amiantoaren biktimen Euskadiko elkartea) aditzera eman duenez, bi epaiketa izango dira datorren ostegunean Donostian, biriketako minbiziarekin hil ziren bi langilerekin lotutakoak. Horietako bat da Andrés G.C. hernaniarrarena.
Cofivacasa, Sidenor Aceros Especiales eta Europea Aceros Industriales enpresen kontrakoa da epaiketa, eta 172.607,27 euroko kalte ordaina eskatzen diete, langile hernaniarraren biriketako minbizia amiantoa arnasteak eragin zuela egotzita. 1974 urtetik egin zuen lan hernaniarrak Pedro Orbegozo-Acenor enpresako PITT labeetan, 1992an planta itxi zuten arte. Acenorren oinordeko diren enpresak eraman dituzte epaitegietara, hain juxtu. 1992ko azarotik 1993ko urtarrilera, berriz, Europea Aceros Especiales fundizio enpresan egin zuen lan Andrés G.C. hernaniarrak.
Osakidetzak 2023an osatutako txostenak jasotzen du biriketako neoplasia diagnostikatu ziotela, eta lan gaixotasunetik eratorritako prestazioa aitortu zion Gizarte Segurantzak haren alargunari. 2023ko urrian sartu zuen Osalanek amiantoarekin lanean aritutako langileen zerrendan. ASVIAMIEk salatu duenez, Pedro Orbegozok eta Acenorrek ez zien langileei inoiz eman arriskuaren berri; eta ezta arnasketa babesik, garbiketarako aspirazio sistemarik edota maskarillarik, hauts eta ke askorekin lan egiten zuten arren.
Kontzentrazioa epaitegiaren aurrean, ostegunean bertan
Goizeko 11:00etan hasiko da Andrés G.C. hernaniarraren kasuaren epaiketa, Donostiako Epaitegian; eta ordubete lehenago izango da José Manuel M.A. andoaindarrarena. Hori horrela, ASVIAMIEk kontzentrazioa deitu du 10:30etarako, epaitegiaren aurrean, kaltetuen salaketei babesa emateko, eta enpresei segurtasun neurri zorrotzak exijitzeko, lantokietako substantzia kantzerigenoen aurrean.
Kontzentrazioarekin bat egiteko deia luzatu diete elkarteko bazkide eta lagunei.