Karabelek berpiztuko du auzoetako jaien sua, datorren ostiralean

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 14a, 00:00

Belkik ez du hutsik egingo aurtengo Karabelgo Jaien hasieran ere.

Egitarau bete-betea prestatu dute hiru egunez, irailaren 19tik 21era. Salgai daude bazkarirako txartelak eta bingorako kartoiak.

Atseden hartu dute Hernaniko auzoetako festek asteburu honetan, baina indartsu bueltatuko dira datorrenean. Karabelek piztuko du berriro su hori, eta hiru eguneko egitarau polita prestatu dute, irailaren 19tik 21era.

Ostiralean hasiko dira Karabelgo Jaiak, 17:00etan txupinazoa botata. Jolasek, danborradak eta Andoni Ollokiegiren musikak girotuko dituzte festen aurreneko orduak, larunbateko egun haundiaren preludio gisa. Izan ere, goizetik gauera, denetik izango da jaien bigarren egunean: adinekoen bolo txapelketa, patata tortilla eta bizkotxo lehiaketak, paella jate herrikoia, bingoa, apar festa, arrautzen jokoa, Radio Rebelderen kontzertua, su artifizialak, DJonekin disko festa...

Iruñeko eta Hernaniko erraldoi eta buruhaundien bilkurak eta sagardo dastaketak borobilduko dituzte festak igandean.

Txartelak eta materiala, salgai

Dagoeneko salgai daude jaietako paella jaterako txartelak (6 euro), bingorako kartoiak (0,5 euro), kamixetak (10 euro), zapiak (3 euro) eta errifak (1 euro). Bihartik asteazkenera, 17:00etatik 19:30etara izango da horiek eskuratzeko aukera, Belkara au­zo elkartearen lokalean.

EGITARAUA

IRAILAK 19, ostirala

17:00, Jaien hasiera Belkirekin, Hernaniko Gazte Bandak girotuta

17:30, Puzgarriak eta haurrentzako jolasak

19:00, Karabelgo danborrada

20:00, Bokatak txosnan

20:30, Andoni Ollokiegiren kontzertua

22:30, Zezensuzkoa

23:00, Andoni DJ

IRAILAK 20, larunbata

10:00, Diana

11:00, Aurpegi margoketa eta helduen bolo txapelketa (+65)

12:00, Patata tortilla eta bizkotxo lehiaketak

14:00, Bazkari herrikoia: paella erraldoia

15:30, Bingoa

16:00, Apaxiren emanaldia

17:00, Apar festa, tirolinaren parkean

18:00, Txokolatada

18:00, Aerorumba erakustaldia, Jenny Perlazarekin

19:00, Arrautzen jokoa, tirolinaren parkean

20:00, Afaltzera, indarrak hartzeko

20:30, Radio Rebelde taldearen kontzertua

22:00, Zezensuzkoa eta su artifizialak

23:00, Disko festa, DJon disko jartzaileak girotuta

IRAILAK 21, igandea

11:00, Iruñeako Suzko konpartsa eta Hernaniko auzoetako erraldoi eta buruhaundiak

12:00, Sagardo dastaketa

12:00, Toka txapelketa

13:30, Sarien zozketa

14:00, Jaien amaiera eta traka

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!